Online izan bada ere, parte hartze handia izan du aurtengo Krea Bidasoak
Atzo egin zuten Krea Bidasoaren hamabigarren edizioa. Ekintzaileek, enpresek eta erakunde publikoek online bidez jarraitu zuten, Irun Factorytik zueneko emanaldia eskaini baitzuten.
Krea Bidasoaren hamabigarren edizioa egin zuten atzo, baina ezohiko moduan. Online bidez jarraitu zuten pertsona ekintzaile, enpresa eta erakunde publikoek aurtengo saioa, Irun Factorytik zuzeneko emanaldia eskaini baitzuten.
Antolatzaileen arabera parte hartzea handia izan zuen atzokoak. Gainera, Mentimenter tresnari esker partaideek galderak egiteko aukera izan zutela nabarmendu dute, baita ere inkestak erantzun edo hainbat jokotan parte hartzeko. Horrez gain, atzoko saioa «askotarikoa eta umorezkoa» izan zela azaldu dute Bidasoa Bizirik-eko kideek, eta horretarako, Bask Tree Boys talde komikoaren konpainia izan zutela.
Atzoko saioan Irungo alkate Jose Antonio Santanok nabarmendu zuenez, «gaur egun inoiz baino agerikoagoa da espiritu berritzailea. Kreara etortzen naizen bakoitzean, proiektu bat duten pertsonengan pentsatzen dut, askotan oztopoz betetako bidea dutelako. Eta zer garrantzitsua den ekiteko abentura horretan taldean lan egin ahal izatea. Inor ez dago bakarrik, eta hori frogatzen da Krean, non enpresak, ekintzaileak, finantzaketa eta erakundeak daude».
Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk aldiz honakoa esan zuen atzo: «urtero bezala, proiektu bitxiak ikusi ditugu Krean. Nabarmendu behar da, beste behin ere, erakundeak hemen gaudela ekintzaileei laguntzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko».
Saioan negozioen joerak aurkeztu, hitzaldiak eskaini eta proiektu ugari aurkeztu zituzten. Besteak beste, Bidasoa Bizirik-ek 2020an finantzatutako hiru proiektu berritzaile aurkeztu zituzten, hala nola, Alcad Electronics, Decodidheya eta Indart 3-D. Hauez gain, Orka Residuos, Mecanoplastica eta Smartec enpresen nondik norakoak ere azaldu zituzten.
Eskualdeko hainbat proiektu
Jardunaldiaren bigarren zatian berriz, eskualdeko zenbait proiektu aurkeztu zituzten, ondorengoak: Innventa Energia (bizikleta elektriko berritzailea), Knock System (ukitzean aktibatzen den edozein altzairuan integratzen den argiztapen sistema), Solud (automatikoki garbitzen den eguzki-kremaren banatzailea), Orka (ekonomia zirkularreko reciclamascarillas.com proiektuaren bidez, erabilitako maskarak birziklatzen dituzte degradazio kimikoko prozesu patentatu baten bidez, eta hidrokarburo eta industriarako interesgarriak diren beste azpiproduktu bihurtzen dituzte), Ekomodo (plastikozko hondakinak motxila, bulegoko material eta antzeko produktu bihurtzen dituzte), Zita Ayala (artea eta argiztapena nahasteko modu berezia duen artista) eta Vitam Dragon (laster Coca Colarekin lehiatuko diren formula sekretuko edari energetikoak).
Aurtengo edizioari amaiera emateko, urtero bezala, Krea PechaKucha aurkezpena egin dute. Ekintzaileek haien proiektuak aurkezteko 20 irudi eta 20 segundo izan zituzten. Honako proiektu aurkeztu ziren: ‘Nube Comunicación’ (Digitalki inbertitzea); ‘Guau Guau’ (Terapia txakurrekin); ‘Bidibi Badibi Bu’ (Influencer-en agentzia); Nuria Cordoba Fotografa; eta ‘Euskadi zaporearen bitartez’ (gastronomiaren beste begirada bat).