[Erreportajea] Denboraz pilatutako edukiontziak
Bilboko Arte Ederren museoak Remigio Mendibururen atzera begirakorik handiena jaso du. «Denboraren edukiontzi» gisa definituta, artelanak «bizitzeko» aukerak ezaugarritzen du artistaren obra sorta.
Mendiburu. Materia eta memoria erakusketa zabaldu du orain gutxi Bilboko Arte Ederren Museoak. Remigio Mendiburu (Hondarribia, 1931-Bartzelona, 1990) eskultorearen obra errepasatzen duen inoiz egindako erakusketarik handiena da Bizkaiko hiriburukoa. Mendibururen obra bizitzeko, esperimentatzeko eta horren bidez bidaiatzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute bertan bildutako 120 artelanek.
«Mendibururen lanaren gaineko begirada konbentzionaletik harago doan atzera begirako bat da erakusketa», azaldu du Juan Pablo Huercanos erakusketaren komisario eta Oteiza Museoa Fundazioko presidenteordeak. Areago, bestelako osagarriak nabarmentzeko saiakera bat ere dela erantsi du adituak: «Marrazkiek, koadernoek eta artelan ezezagunek edota oso ezagunak ez direnek, ezaugarri eskultorikoaren ikuspegia nabarmentzen dute, eskulturaren singulartasuna agerian utziz».
Garaiaren arabera banatuta dago Bilboko erakusketa. Artistaren ibilbidea errepasatzen duten lau aretok osatzen dute denera atzera begirakoa. 1950eko hamarkadaren bukaeratik 1980ko hamarkadaren erdialderaino artistak bizitako arte adierazpen ezberdinak islatzen ditu.
Huercanosentzat, Mendibururen ezaugarriek artearen garai ezberdinetan elementu berezi gisa identifikatzen dute eskultorea hondarribiarra: «Orokorrean, hainbat garaitako artelanak daude, oso ezberdinak haien artean, eta dibertsitate hori bera ere oso garrantzitsua da artistaren obran». Izan ere, hondarribiarrak eskultorikoaren ulergarritasuna planteatzen du, «bizi edo esperimentatu daitekeen zerbait bezala». Ikusmenarekin gozatzeko ideiatik aldentzeko borrokatzen dela uste du komisarioak; «igaro, bizi eta esperientziatu daitekeen gorpu bat bezala», hain zuzen.
Ikusmenetik bizipenera
Erakusketak bildutako ehundik gora artelanak «esperientziarekin» lotuta daudela nabarmendu du Oteiza museoko presidenteordeak. Obrak laudatzeko ohituraren aurkako gatazka agerian uzten du Mendiburuk haren arabera. «Etengabeko borroka horretan, gainera, idulkitik salto egin eta bizitzan estreinatzen dira artelanak». Ekintza «sinboliko» eta «garrantzitsutzat» jo du adituak Mendibururen proposamena, «bizitzeko egina egoteaz gain, gertukoa baita».
1977. urtean sortutako Argi hiru zubi lan «paradigmatikoa» aipatu du komisarioak planteamendu horren adierazle. Dimentsio handiko artelana da, zura zati pilaketek osatua. «Iruditik aldentzen den obra bat da, ezin dena begirada bakarrean antzeman. Ibilbide baten modura, deskubritzen joan behar den paisaia da, eta prozesu horretan, esanahien eszenifikazioak geruzak eransten dizkio pertzepzioari», azaldu du. Haren arabera, 1969an hasitako zortzi urteko sorkuntza prozesuaren emaitza da obra, eta uste duenez, «denboran sortzeko eta birsortzeko ideia oso ondo espresatzen duen lana da». Erabilitako materiala zura da, pago sustraiak zehazki, adituak kontatu duenez: «Egurrak denboraren inpresioa islatzen du, mineralizatutako denbora. Mineralizatutako denbora berreraikia eta berriro sinbolizatua da aldi berean».
Ildo horretan, artelana sortzeko prozesuan inbertitutako denbora atzeman daitekeela obra ikusterakoan iritzi dio komisarioak: «Denbora hautematen da». Mendiburuk «denboraren edukiontzi edo kondentsadore handi bat» sortzen du. Horrenbestez, arte eskultorikoaren gaineko pertzepzioa modu oso interesgarrian hedatzen da komisarioaren ustetan. «Oso gertuko elementu material eta erreferentziak erabiliz».
Mendibururen obra ulertzeko, artistak bizitako garaian jarri du indarra Huercanosek. Izan ere, garaiko euskal artisten eta bestelakoen kezka partekatzen zuela iritzi du: «Zein ekarpen egin artearen bidez garaiko gizarte eta kultura laguntzeko, objektu ederrak sortzeko rola bertan behera utziz, eta haren lan artistikoak gizartearen eraikuntzan nola lagun dezakeen hausnartuz».
1960ko hamarkadan emandako aldaketek piztu zuten kezka Mendibururengan. Aldaketak maila guztietan ematen ziren, bereziki Euskal Herrian, «eta horrek artea eraikuntza politiko, sozial eta kulturalaren erdigunean jartzeko posizio jakina hartzea suposatzen zuen». Eskultorearen obra ulertzeko ezinbestekoa dela horretaz jabetzea adierazi du Huercanosek, «oinarrizkoa» baita haren obran: «Artistaren testuinguru naturalarekin elkarrizketa, aukeratutako materialen zein eraikuntza tekniketan islatzen dena».
Denboraren pertzepzioa
Remigio Mendibururen obran atzemandako denboraren pertzepzioa Henri Bergson filosofo frantziarraren pentsamenduarekin lerrokatu du Huercanosek. Eta hori da, hain justu, erakusketaren izenburua ulertzeko gakoa. «Filosofoak denboraren pertzepzio oso interesgarria zuen, eta pertzepzio hori oinarrizko elementua da Mendibururen obra ulertzeko», esan du. «Materia eta izpirituaren artean ezberdintzen du filosofoak, baina, materia eta memoria gisa izendatzen ditu ondoren. Ezberdintze hori ez dago naturan oinarrituta, iraupenean baizik. Hau da, materiaren pertzepzio luzea da memoria sortzen duena azkenean».
Mendibururen obrak duen ezaugarria dela iritzi dio Huercanosek. Izan ere, haren obrak irudi bakarrean ikustea ezinezkoa da, materiaren pilaketa dela eta. «Ihes egiten du. Ibilbide bat egitera behartzen zaitu, denboraren pertzepzioan indarra jartzera behartzen zaitu, haren obra oso bizia delako. Mendibururen obraren materia geruzen etengabeko pertzepzioak memoria sortzen du azkenean», azaldu du. Erakusketaren izenburua aukeratzeko faktore erabakigarria zela pentsatu zuen.
Artistaren heriotzaren 30. urteurrenean jaso zuen Huercanosek atzera begirakoa osatzeko gonbita. «Urteurrena eta artistaren inguruko azken erakusketa medio, haren obra sakontasunean errepasatzeko aukera proposatu zidaten», azaldu du. Artistaren obra hainbat belaunaldiri gerturatzeko aukera gisa ere ikusi zuen. «Hari buruzko ezagutza historiografikoa izan arren, askok ez baitzuten horretara hurbiltzeko aukerarik izan». Nola ezetz esan gonbitari?
INFORMAZIO OSAGARRIA
- Noiz. 2021eko irailaren 5a, egunero zabalik igande arratsaldetan eta asteartetan izan ezik.
- Non. Bilboko Arte Ederren Museoan.
- Nola. Lau aretotan barrena bidaiatuz.
- 1. aretoa. Gorputz eskultorikora egindako hurbilketak.
- 2. aretoa. Eskultura esperientzial baterantz.
- 3. aretoa. Mihiztadurak eta korapilatzeak. Eskultura bilbe gisa.
- 4. aretoa. Errealaren esperientzia.
- Prezioa. Sarrera orokor berezia 7 euro, baina deskontu ezberdinak aplikatzeaz gain, debaldekoa da hainbat kolektiborentzat.
ARTELANAK
120
Ikusgai jarritako obra kopurua. Remigio Mendiburu artista hondarribiarraren artelanekin inoiz osatutako atzera begirako erakusketarik zabalena da Bilbon ezarri dutena. Lau aretoren bitartez eskulturak soilik ikusi beharrean, horiek esperimentatzeko eta bizitzeko gonbita jasotzen du bisitariak.