Irungo Ertzaintzako patruilek grabazio kamerak integratuko dituzte euren uniformeetan
Irailean instalatu eta probatzen hastea aurreikusi du jaurlaritzak, «polizia jarduketetan ahalik eta gardentasunik handiena bermatzeko, delitu egintzen aurrean frogak hobeto aurkezteko eta agenteen segurtasuna areagotzeko» asmoz.
Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak aurreratu duenez, Irunen patruilatzen duten ertzainak grabazio mugikor sistema berri bat erabiltzen hasiko dira. Irailean instalatu eta probatzen hasiko direla aurreratu du gaur Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan.
Bertan azaldu duenez, hamabi orduko iraupena duten bateriez hornitutako hogeita hamar kamera banatuko dituzte Irun, Bilbo (Bizkaia) eta Gasteizko (Araba) patruilen artean. Irungo agenteek sei kamera izango dituzte eskuragarri orotara; beste hemezortzi Bilbon erabiliko dituzte eta gainerakoak (sei) Gasteizen.
Grabazio sistemaz gain, ekipamenduak honako osagarriak izango ditu: irudiak automatikoki jaisteko eta bateriak ertzain etxeetan kargatzeko gailuak, bideo kudeaketarako sistemak eta irudia zorroztasun eta segurtasun osoz biltegiratu eta tratatu ahal izateko software lizentziak.
Irun, Bilbon zein Gasteizen abiatuko duten proiektuaren kostua 106.000 eurokoa da, eta probatu eta ebaluatu ostean, jaurlaritzak sistemaren funtzionalitateak zehaztu, ezarri eta doitu ahal izango dituela gaineratu du Erkorekak. Haien helburua baita XXI. Legealdi honetarako Ertzaintzako patruila guztiek izatea integratuta grabazio sistema hori, «polizia jarduketetan ahalik eta gardentasunik handiena bermatzeko, delitu egintzen aurrean frogak hobeto aurkezteko eta agenteen segurtasuna areagotzeko» asmoz.