Euskalduna jauregiko adierazpenarekin bat egin dute EAJk, EH Bilduk eta Abotsanitzek
Hondarribiko udal talde gehienek, PSE-EEk izan ezik, sostengua adierazi diote hamalau eragile politiko eta sindikalek iazko abenduan izenpetutako adierazpenari.
Euskalduna jauregiko adierazpenarekin bat egin dute Hondarribiko EAJ, EH Bildu eta Abotsanitzen udal taldeek. Euskal presoak Euskal Herriratzeko hamalau eragile politiko eta sindikalek iazko abenduan izenpetutako adierazpena da. Hala, bestelako espetxe politika abian jartzeko sostengua agertzen dio dokumentuak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari.
Euskal presoei “legedi arrunt soila” aplikatzeko galdegiten du dokumentuak, eta sakabanketarekin amaitzera premiatzen du Sanchez. Horretarako, Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzeko eskatu dute, “askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin”.
Azkenik, sinatzaileek diotenez, “helburu hau betetzeak modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten, eta aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzen”
Euskalduna jauregiko adierazpenaren sinatzaileak ziren, besteak beste: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, EHNE, ESK, Hiru, Etxalde, CGT eta CNT.