'Mod' kulturak Itsas Etxea beteko du bihartik
'We are the mods' jaialdia antolatu du Amua Clubak bihar eta etzi; pintura, zinema, musika eta irratia uztartuko ditu mikrojaialdiak.
We are the mods jaialdiak mod kulturaren inguruko xehetasunak eramango ditu bihar eta etzi Itsas Etxera auditoriora. Amua Clubaren azken apustuak musika, zinema, irratia eta pintura uztartuko ditu mod kulturaren nondik norakoak agerian uzteko asmoz.
Ernesto Toledo Amua Clubeko arduradunak eta Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak parte hartu dute gaur goizean burututako aurkezpenean. Asebete agertu dira bi ordezkariak udalaren eta elkartearen artean sortutako elkarlanarekin. “Laugarren urtez ari gara elkarlanean udala eta Amua Cluba; formatu ezberdinetan lan egin dugu, eta biharkoan, mod kultura izango dute hizpide”, adierazi du Silanesek.
“Jaialdia iaz egin behar genuen baina COVID-ak denok etxean utzi gintuen, eta aurten, egia esan, berreskuratu nahi genuen”, azaldu du Toledok. Hala, Radio3 irrati kateko El sótano eta Hoy empieza todo saioak zuzenean emitituko dira auditoriotik. Gainera, bertan izango dira Alex Cooper eta Javier Sun Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) mod musikaren figura garrantzitsuenak nazioartean eta EAEn, hurrenez hurren.
Lehen aldiz, gainera, margoa erabiliko dutela jaialdian erantsi du Toledok. Hala, Cooper disko jartzaile lanetan dagoen bitartean, 2×1,5 metroko mihisea tinta txinatarra erabilita mod kulturarekin lotutako motiboekin margotuko dute. Azkenik, puntualitatea eta zuzeneko saioetan “pixka bat goizago” hurbil daitezela ikus-entzuleak eskatu du Toledok.
Mod mugimendua
1950. hamarkadan zehar II. Mundu Gerran parte hartutako soldaduen seme-alabek espiritu-mailan sentitutako “hutsunearen” aurrean sortutako mugimendua izan zela azaldu du Toledok agerraldian. Gazteek bi modutara aldarrikatu zuten egoera hori, “modu adeigabean”, batetik, eta “rocker edo mod izatea aukeratuta”, bestetik. Azken horiek, hala ere, “rockerren janzteko moduaz aldendu nahi zuten”.
Egitaraua eta gainontzeko informazioa bertan kontsulta daiteke.