Santa Elena ermitatik Ibaetako gainera doan zatia moztuko dute astelehenean
Ermita kaleko 1. zenbakitik 26era bitarteko zatiko gas sarea eta harguneak hobetzeko lanengatik moztuko dute errepidea.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, Ermita kaleko 1. zenbakitik 26era bitarteko zatiko gas sarea eta harguneak hobetzeko lanak direla eta, astelehenean (maiatzak 3) Santa Elena ermitatik Ibaietako gainera doan bide zati hori moztuko dute.
Beraz, landa ingurutik hirigunera joateko bi bide daude Ibaietako gainean: Santa Elena ermitara doana eta Bordatxuri baserrira doana (Ibarla inguruan). Santa Elena ermitara doan bidea moztuko dutenez, ibilgailu guztiek Ibarla aldera jo beharko dute.
Kontrako noranzkoa ere moztuko dutela aurreratu du udalak, eta ezingo dela bide hori hirigunetik landa gunera joateko erabili. Hortaz, obrek iraun bitartean Ibarla eta Ibaietako gaina lotzen dituen bide alternatiboa erabili beharko da hirigune eta landa eremuaren arteko joan-etorrietarako.