Oiassoko termen proiektua eguneratuko du udalak
Termen eraikinaren proiektuaren gaineko xehetasun azterketa eguneratzeko lanak enkargatu dituzte jada. Udalak bestelako administrazioen finantzaketa bilatuko du, proiektua bideragarria izan dadin.
Irungo Udaleko Obra sailak jakinarazi berri duenez, Oiasso Erromatar Museoaren atzealdeko termetako eraikinaren proiektuaren gaineko xehetasun azterketa eguneratzeko lanak enkargatu berri dituzte.
Saileko ordezkari Cristina Labordak azaldu duenez, «udalak proiektu hau gauzatzeko interesa izan du betidanik, baina horretarako egin beharreko inbertsioa oso handia da: jatorrizko proiektua idatzi zenean, krisialdi ekonomikoan geunden, eta, orain, proiektua egungo egoerara egokitu behar dugu, eta alde ekonomikotik bideragarriagoa izan dadin lortu».
Jatorrizko proiektuak termak estaltzea aurreikusten zuen, eta horretarako, beirazko erretikulu estruktural batek osatutako ganga bat baliatzea. Proiektura orotara 2,5 milioi eurokoa da, eta udalaren asmoa da bestelako administrazioek finantzatzen laguntzea, «duen balio kultural eta historikoa kontuan izanik».
2015ean termetako hondar arkeologikoen kontserbazioa hobetzeko lanak egin zituztela gogoratu du udalak. «Izan ere, termetako proiektua gauzatzeko egin beharreko inbertsioa oso handia da, eta, proiektua zertzeko eta hondar arkeologikoak musealizatzeko moduan egon bitartean, hasiera batean esku hartu nahi izan genuen, termak ahalik eta baldintza onenetan kontserbatzeko. Gure hiriaren iraganeko hondar historiko oso garrantzitsuak daude hemen, eta ez dugu nahi denboraren joanak kalterik egin diezaion aztarnategiari», esan du Labordak.
Lan horien barruan 76.000 eurotik gorako inbertsioa eginda, egurrezko eta txapazko aurreko estaldura desmuntatu zuten orduan, eta horren ordez egitura berri bat jarri zuten. Honekin batera termen inguruko ur bilketa hobetu zuen udalak.
Proiektua egokitzeko lanetarako aurrekontua 50.000 eurokoa da, eta egitasmoa Elkarrekin Podemos-IU taldearen zuzenketa baten emaitza izan da.