Nerea Garcia eta Aitor Gorrotxategi, Munduko Piraguismo Txapelketara
Santiagotarrak klubeko bi kirolariek Espainiako selekzioarekin aritzeko txartel bana eskuratu dute Asturiasen jokatutako aukeraketa proban.
Munduko Piraguismo Txapelketan lehiatzeko txartel bana eskuratu berri dute Santiagotarrak klubeko Nerea Garcia eta Aitor Gorrotxategik. Haiekin batera aritu da astearte eta asteazkenen honetan Eneko Egiguren Trasonan (Asturias), Espainiako selekzioarekin nazioarteko hitzorduetan nor ariko den aukeratzeko proba jokatu baitzuten. Baina, tamalez, Egigurenek ez du txartela eskuratu.
Gorrotxategik (K1 1.000 proban) onenekin lehiatzeko prest dagoela erakutsi du; finalera iristeko gai izan da. 23 urte azpikoen kategoriako kirolari bakarra izanik, zuzenean Polonian eta Portugalen jokatuko dituzten Europako Txapelketarako txartela poltsikoratu du. K1 5.00 proban ere oso fin aritu da, finalean gailenduz, beraz, 23 urte azpikoen Munduko Txapelketan izango da Gorrotxategi.
Nerea Garcia aldiz K2 500 modalitatean aritu da, oso fin ere. Munduko Txapelketarako txartela eskuratu du, honi esker: K1 200 modalitatean hirugarren postuan sailkatzea lortu du, 23 urte azpikoen kategorian. K1 500 modalitatean aldiz, laugarren sailkatu da.
Bi zilarreko eta brontzezko bat
Era berean, joan den astean Trasonan (Asturias) ere klubeko 19 palista aritu ziren lehian klubaren izenean, senior eta junior kategoriakoak hain zuzen ere.
Kasu honetan, Uxue eta Madalen Arsuaga ahizpek podiuma errepikatu zuten; zilarrezko bana eskuratu zuten K2 500 modalitatean zein K4 500 modalitatean, azken honetan Eider Amundarain eta Irene Gorrotxategirekin batera.
Bestalde, 23 urte azpikoetan, Eneko Egiguren eta Aitor Gorrotxategik txoko bat egin zuten podiumean. Horraino heltzeko, bikoteak K4 500 modalitatean bigarren postua eskuratu zuen, Aimar Amundarain eta Beñat Arsuagaren batera.
Juniorrek, ordea, ez zuten zorte handirik izan.
Santiagotarrak kluba 12. postuan sailkatu zen, 88 partaideen artean.