Mikel Alberdiren 'Irundarrak Irun, iraultza eta azken karlistaldia' lana, kalean
Serapio Mujika bekari esker argitaratu du lana. 1868-1876 urteen artean Irunen jazotako gertaera nagusiak azaltzen du argitalpenak, altxamenduaren sorrera eta prestakuntzatik, defentsaren antolaketaraino, arreta Bigarren Karlistaldian jarrita.
Mikel Alberdi irundarrak jaso du hamabosgarren Serapio Mujika beka, eta honi esker, Irundarrak Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) lana argitaratu berri du. Gaur bertan aurkeztu dute liburua egileak berak eta Monica Martinez udaleko ordezkariak.
«Serapio Mujika bekak ikerketa lan berri bat dakarkigu. Ekimen honi esker, bertako historiaren zaleek, aldian-aldian, liburu interesgarrietara jo dezakete, gure iraganeko pasarteak bertatik bertara ezagutzeko, eta, era berean, Udal Artxiboko dokumentu funtsen balioa azpimarratu», esan du Monica Martinez udaleko ordezkariak.
Garai hartan, Irungo hiribildua zenean, jazotako gertaera nagusiak azaltzen du argitalpenak, altxamenduaren sorrera eta prestakuntzatik, defentsaren antolaketaraino, arreta Bigarren Karlistaldian jarrita. Orduan, udalerria bonbardatua izan zen, eta karlistatzat joak zirenak kanporatu zituzten. Behin gatazka armatua bukatuta, irundarrek hirian geratu ziren tropekin bizi behar izan zuten. Liburua, osorik, euskaraz egin du Alberdik.
Liburuan kontatuko hori irudi ugarik ilustratzen dute. Alberdik «Katalogoak» gisa definitu ditu: grabatuak, karikaturak, mapak eta argazkiak jaso ditu.
Lanerako 9.000 euroko beka jaso du irundarrak.
Mikel Alberdi
Mikel Gotzon Alberdi Sagardia Irunen jaio zen, 1962an. 1985ean Historia Garaikideko lizentzia eskuratu zuen Bartzelonan, eta ondoren, Irungo udal liburutegi eta artxiboan egin zuen lan. Horrez gain, Donostiako Tabakaleran UBIK mediateka katalogatzen lagundu du, eta Arteleku arte zentroko mediatekan ere dokumentalista lanak egin ditu.