Etxerat-ek euskal presoen alde elkarretaratzera deitu ditu irundarrak
Hileko azken ostirala izanik, bihar (hilak 30) Zabaltza plaza hartzera deitu dute. Euskal presoen lekualdaketak eta hurbilketak berraztertzea eskatuko dute, «presoen eta haien senideen kezka eta ziurgabetasunarekin behingoz amaitzeko».
Bihar (hilak 30) hilabeteko azken ostirala izanik, ohiko elkarretaratzera deitu ditu irundarrak Etxerat-ek. Euskal presoen lekualdaketak eta hurbilketak berraztertzea eskatuko dute beste behin, «presoen eta haien senideen kezka eta ziurgabetasunarekin behingoz amaitzeko». 20:00etan bilduko dira Zabaltza plazan.
Biharkoaren harira, zenbait salaketa egiteko probestu dute deialdia Etxerat-eko kideek. Lehenik eta behin, euskal presoak Euskal Herri ondoko espetxeetara eta kasu batzuetan euskal espetxeetara lekualdatzeko erritmoa «motela eta sumingarria» izaten jarraitzen duela salatu dute. «30 urtetik gorako sufrimenduari» amaiera eman beharko lioke dinamika horrek Etxerat-en arabera, urruntzeari eta sakabanaketari amaiera emateko.
Afera eszenatoki berri baterantz doala diote, presoentzat eta senideentzat «egoera hobea ezagutzen» ari direla, eta hemendik aurrea «euskal gizartearen eta eragile politiko eta sozialen bultzadak fruituak eman eta Espainiako Estatuaren blokeoa apurtzen denean salbuespenari eusten dioten gainerako neurriei amaiera emateko lanari ekitea» planteatu dutela.
Bestalde, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 19 euskal presoen eta haien sufrimenduarekin amaitu behar dela gaineratu dute. Besteak beste, Mikel Arrieta oreretarraren kasua ekarri dute gogora: 21 urte daramatza espetxean eta iaz bete zituen zigorraren 3⁄4-ak. Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak iragarri berri du Soriatik Martutenera hurbilduko dutela, baina Etxerat-ekoek diote aske utzi beharko luketela, «gaitz kroniko larria baldintza egokietan tratatzeko bere ingurukoen ondoan».
«Era berean, aintzat hartzen ditugu sakabanaketaren testuinguruan onartzen ari diren senideen sufrimendua aitortzeko mozioak. Berriz diogu desberdinen arteko akordioak eta mobilizazioa, maiatzaren 8an Sarek proposatzen duena bezalakoak (EHko 650 menditara igotzea), eskubideen urraketei amaiera emateko eta konponbidean eta bizikidetzan aurrera egiteko tresnak direla», erantsi dute.