[Bideoa] Etxebizitza politika "iraultzea" eskatuko du Abotsanitzek
Datorren osteguneko osoko-bilkuran bestelako etxebizitza politika jasotzen duen mozioa aurkeztuko du udal taldeak; hainbat ekintza burutuko dituztela ere ezagutarazi dute.
Hondarribirako etxebizitza politika “berri bat” galdegingo du Abotsanitz Herri Batzarrak datozen asteetan, ohar baten bidez ezagutarazi duenez. Mozio bat aurkeztuko du udal taldeak, batetik, eta bestelako dinamikak jarriko ditu martxan, bestetik.
Lehenik eta behin, Hondarribiko Udalbatzak datorren ostegunean (maiatzak 6) egingo duen osoko-bilkuran “beste etxebizitza politika” eskatzen duen mozioa aurkeztuko du Abotsanitzek. Horretarako, alderdikideek adierazi dutenez, zenbait proposamen egingo dituzte, besteak beste: “Etxebizitza publikoak lehentasun izatea; etxebizitza pribatuek ordaintzen duten babes ofizialeko kanona etxebizitza publikoa egiteko edo lurzorua erosteko erabiltzea; alokairuaren prezioak merketzeko diru-laguntza lerro propio eta eraginkorrak sortzea; udalak nagusien beharretara egokitutako apartamentuak eraikitzea, eta gazteei bideratutako antzeko eredua abiatzea; eta etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza lantzen hastea”.
Azkenik, egoera esplikatzeko bideo bat sortu dutela ere jakinarazi du udal taldeak (azpian ikus daiteke). Halaber, eskuorriak aurki banatzen hasiko direla eta maiatz erdialderako kale ekintza abiatuko dutela erantsi dute, nahiz eta azken horren kasuan, data hurbildu ahal zehaztuko dutela adierazi duten.
Ondokoa da Abotsanitzek plazaratutako bideoa.