Irungo EAJ: "Hobetzeko proposamenak egitea gure DNAn dago"
Udal Gobernu eta EAJren artean ika-mika piztu da Irun Aurrera planaren harira. EAJk proposamenak egitea "laguntzea" dela esan du, eta protagonismoa alde batera uzteko deia egin du.
Joan den ostiralean, Irun Aurrera planaren aurkezpenean EAJren hutsunearen ondotik, ika-mika sortu da udal gobernu eta alderdiaren artean. Orain, EAJk Jose Antonio Santano alkateari eskatu dio errespetatu dezala oposizioko taldeetatik egiten diren proposamen guztiak. “Irainak eta gezurrak ez dira onargarriak politika demokratikoan”, adierazi dute jeltzaleek.
EAJren arabera, Irun Aurrera planean bildutako neurriak ez dira nahikoak, eta horiek “hobetu eta areagotzeko alternatibak” proposatu dituzte. Lau proposamen nagusi erregistratu zituen: ostalaritza, merkataritza eta beste sektore kaltetu batzuentzako zuzeneko laguntzak; bono sistema hobetzea; kultura bonoak izatea; eta kirol klubentzako laguntzak ekitaldien faltagatik poltsikoratzen ez dituzten diru sarreren ordez.
“Hobetzeko proposamenak egitea DNAn” dutela adierazi dute jeltzaleek: “Izan ere, laguntzea proposatzea da, haratago joatea eta ez konformatzea”. Zentzu horretan, “orain, inoiz baino gehiago protagonismoak alde batera utzi, eta batzeko garaia” dela gaineratu du.
Haatik, alkatea eta bere gobernua “politika zaharretan ainguratuta eta liskar hutsaletan” geratu dela iritzi dio EAJk: “Urte asko daramatzate boterean ezarrita, eta hain ohitura txarrak dituzte barneratuta, non ez baitira gai besteen ideia onak onartzeko”.
Joan den ostegunean Irun Aurrera plana aurkeztu zuten, eta udal talde guztiak izan ziren aurkezpenean EAJ izan ezik. Hurrengo egunean, prentsaurreko bat eman zuen EAJk, eta udalari hamabi milioi euroko soberakinetik laguntzetara bat bakarrik bideratzea leporatu zion. Ondorenera, Miguel Angel Paez alkarteordearen erantzuna iritsi zen, prentsaurrekoetan polemika sortzea nahiago izan duela esan zuen eta hiriaren alde positiboan batzea baino. «[Iridoyk] bere istorio pertsonaletan blokeatuta jarraitzen du», gaineratu zuen.