Egin zuk ere #Boga euskararen alde!
Maiatzaren bigarren igandean ezin izanen diogu aintzirari usaiako itzulirik eman. Bigarren urtez segidan, Lapurdi, Zuberoa eta Baxe Nafarroako ikastolen aldeko besta bertan behera gelditu da. Egia esan, ez dakit zein den hitzordua ez egotearen adierazpen egokiena. Bertan behera gelditu da, utzi dute, utzi du… Singularrean idazten badut birusa jartzen dut jomugan. Pluralean, aldiz, agintariak. #Senpere2022 ikusiko dugu sarean laster. Eta hala bedi!
Izurritea hasi zenean nik behintzat ez bainuen espero bi urte horrela igaroko genituenik. Gehiago ez direla izanen espero dut, baina aurtengo hau behintzat, ez dut uste iazkoa baino hobea izanen denik.
Agintarien esku gaude, edo hobe esanda agintariek sustatzen duten eredu ekonomikoaren menpe… Kapitalismoa/osasuna/ongizatea/bizitza duina…
Oiartzungo Asanblada Feministak antolaturik, Ekonomia Eskola Feminista egiten ari dira herrian, joan den urteko irailetik, aurtengo ekaina bitarte. Hamabi emakume inguru elkartzen dira bi astetik behin larunbatarekin, 16:00etatik 20:00etara, ekonomiaz hitz egitera eta bereziki ikastera. Ekonomia bere osotasunean harturik lantzen dute prozesua, esleitzen zaion balore monetariotik askoz haratago. Hara! Gorputz taldea da eskolatxoaren dinamizatzailea eta bertako kide den Jone Fernandezek esaten duen gisan «bizitzea merezi duen bizitzak» izatea da kontua. Erraza da, bai, esaten. Baita idazten ere. Hori bera nola lortu da kontua. Zaila izan daiteke, baina nire iritziz, uste baino errazagoa da. Indarrean dagoen sistema kapitalistak sortzen dizkigun ustezko beharrak alboratuta has daiteke prozesua.
Zergatik jartzen diogu zorionari prezioa? Zergatik pentsatzen dugu merkatuko autorik garestienak emanen digula zoriona? Edota modan dagoen jertse baten erosketak? Unean uneko satisfakzioa kendurik, akabo. Beti nahi izango baitugu gehiago. Zinezko beharrak identifikaturik, kasik inposaturiko kontsumo erritmoan erori gabe, esango nuke hobeto sentituko ginatekeela.
Bosgarren kolegioaren beharra identifikatu du Seaskak. Ongi jakin arren, ikastola asko eta askok bestelako premiak dituztela (gela hobeak, berogailuak, aulki/mahai dezenteak, jolas eremu erakargarriak… asko dira adibideak), ezinbestekoak al dira, ordea? Asko axola al du material berria izateak? Auzolanean ezin al dira jolastoki erakargarriak egin? Eta hauek ez dira haizeak eramaten dituen hitzak, borondatea badago, ekintza ere hortxe dago.
Euskararen garapenak aurrera darrai, eta bosgarren kolegioak du lehentasuna. Egin zuk ere #Boga euskararen alde!