Ekobaratzeetako erabiltzaile berriei giltzak eman dizkiete
172 eskaera jaso ditu udalak, eta horietatik 69 erabiltzaileri esleitu zaizkie baratzeak. Gehienez, lau urtez erabili ahal izango dituzte lursaila.
Puianako ekobaratzeak uzta emateko berriro prest daude, eta, dagoeneko 69 erabiltzaile berriek giltza jaso dute. Esleipenak urtebeteko iraupena izango du, eta hiru urtez luzatu ahal izango dute; gehienez, beraz, lau urte. Baratzea erabiltzearen truke 32 euroko tasa ordaindu beharko dute, eta 100 euroko fidantza jarri, gero, itzuliko zaiena.
Erabiltzaileek baratzeak prest aurkitu dituzte: belar eta landareak moztu eta erretiratuta, lurra buelta emanda, eta landare lur pixka bat gehituta. Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak gogorarazi duenez, 2017an zabaldu zituzten ekobaratzeak, eta oso erantzun positiboa jaso zuten. Horien helburua lanketa jasangarria, kontsumo arduratsua eta lehen sektoreko produktuen aldeko apustua direla gaineratu du.
Herritarren 172 eskaera onartu ziren prozesuan, eta, horietatik 69k lortu dute, azkenean. Eskatzaileen arabera eta adin tarteka egin dute banaketa. A taldean desgaitasunen bat edo mugikortasun urria duten pertsonak bildu dituzte, eta 30 metro koadroko hiru baratze prestatu dituzte desgaitasunen bat dutenentza, eta 2,6 metroko baratze maila gurpildun aulkian dabiltzanentzat.
B taldean, berriz, adinka banatu dituzte: 26 baratze 65 urtetik gorakoentzat; 23, 36-65 urtekoentzat; eta 16, 18-35 urtekoentzat.
Ekogunearekin hitzarmena
Kutxa Ekogunarekin zuen hitzarmena berritu du udalak, eta Puianako parkeak Baratze Parkeen Sarean jarraituko du. Horri esker, Puianako erabiltzaileek, hala nola, Baratzezaintza ekologikoaren oinarriak ikastaroan parte hartu ahal izango dute, eta teknikarein aholkularitza zerbitzua erabili.
Anfibioentzako putzua
Baratzeen alboan, aurten, anfiboentzako putzu bat zabaldu dutela jakinarazi du udalak. Eskoletako Urmaelen Sareatik egindako proposamena gauzatu dute, eta asmoa Irungo ikastetxeeetako ikasleek erabiltzea da, hezkuntzako edukiak landu eta hezegune txikiak aztertzeko.