Recondo enpresaren eta udalaren arteko hitzarmena bertan behera uzteko eskatu du EH Bilduk
Azken Portu eremurako udalak aurreikusitako proiektua eztabaidatzeko gainerako udal taldeekin, talde ekologistekin eta bizilagun guztiekin komunikazio kanalak irekitzeko ere eskatu du taldeak.
Irungo EH Bildu taldea Pasquier-Recondo aferaren gaineko irakurketa elkarbanatu nahi izan du irundarrekin. Ostiralean (osoko bilkuran) eztabaidatuko dute alderdiek udalak enpresarekin adostutako akordioa. Honen arabera, enpresak Azken Portun okupatzen dituen lurrak birkalifikatuko ditu udalak, bertan etxebizitza eta bestelakoak eraikitzeko. Egoera horren aurrean, hitzarmena bertan behar uzteko eskatu berri dio taldeak udal gobernuari.
Koalizioko kideek salatu dute operazio honetan hamarka lanpostu galduko direla Irunen, eta Landetxako lantegira lekualdatuko dituztenen lan baldintzek ere okerrera egingo dutela. «Esan gabe doa egun Pasquier-Recondoren jabetzakoak diren Azken Portuko lur horiek balio natural handia dutela eta zalantzarik gabe, gure ondare naturalaren parte dira».
Horrelako gatazken aurrean interes publikoa defendatzeko beharra nabarmendu du taldeak. Balio handiko ondare naturaletan ezer egiten hasi baino lehen bertan zer egin ongi pentsatu behar dela diote, haien ustez «ezin baita onartu horrelako guneak betiko hipotekatzea». Gainera, horrelako proiektuetan eragileen eta herritarren iritziak kontrastatzea ezinbestekotzat jo dute.
Horregatik udal gobernuko bi alderdiei eskatu diete ostiralean eztabaidatuko den hitzarmena bertan behera uzteko, eta gainerako udal taldeekin, talde ekologistekin eta bizilagun guztiekin komunikazio kanalak irekitzeko.