Irungo belaunaldi ezberdinak bilduko dituzte, adinkeriari aurre egiteko
Gazte eta adinekoen iritziak bildu nahi dituzte ostegunean, Palmera Monteron, elkarrekin topagune bat aurkitu eta belaunaldiak batzeko asmoarekin, «klixe edo aurreiritziak desagerrarazteko».
Osteguneko (hilak 29) Elkartasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Irungo Udalak bi saio berezi antolatu ditu ‘Mikroadinkeriak: belaunaldiak batuz’ izenpean. Gazte eta adinekoen iritziak bildu nahi dituzte, elkarrekin topagune bat aurkitu eta belaunaldiak batzeko asmoarekin, «klixe edo aurreiritziak desagerrarazteko, faltsuak baitira», esan du David Nuño ordezkariak. Irungo belaunaldiak batu nahi dituzte, finean, adinekoen bizi kalitatea hobetzeko. Jardunaldia Palmera Monterok jasoko du, goiz zein arratsaldez.
Adinekoak izateagatik jasotzen duten diskriminazio hori landuko dute, proiektuaren xedea baita «belaunaldien arteko bizikidetzari buruz hausnartzeko balioko duen topagune bat sortzea», eta hala, harreman horiek hobetzeko aukera izatea mikroadinkeriaren kontzeptuaren bitartez. «Adinkeria, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, zabaldutako arazoa da, eta eragin negatiboa du adineko pertsonengan. Gainera, gizartean normalizatutako aurreiritzi bat da, eta ez da haren kontra egiten, sexismoaren edo arrazismoaren kasuan ez bezala. Frogatua dago adinaren ondoriozko diskriminazioak eragin negatiboa duela gizarteko parte hartzean, osasunean eta bizitzaren luzeran», erantsi du Nuñok.
Ordezkariak esan du garrantzitsua dela herritar guztiak sentsibilizatzeko jarduerak egitea, «ohartu daitezen zer garrantzitsua den gure egunerokotasunean kontuz ibiltzea eta adinekoen kontrako aurreiritzien arabera ez jokatzea, horrek ondorio negatiboak baititu pertsona horiengan». Diskriminazio mota hau zahartzeari eta osasunari buruzko polita onak garatzeko oztopo dela erantsi du ordezkariak, eta diskriminazio horren oinarrian honako aurreiritzia dagoela: adineko guztiak berdinak direla eta ezaugarri jakin batzuk dituztela, askotan estereotipatuak edo ez oso positiboak.
Goizeko saioa 11:00etatik 13:00etara izango da, eta arratsaldekoa berriz, 17:00etatik 19:00etara. Parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik udalaren webgunean, inprimaki txiki bat beteta.