Ekintzailetza eta lokalen modernizazioa sustatzeko diru-laguntzak abiatu ditu udalak
2020an zehar martxan jarritako proiektuak babestera eta lokalen lehiakortasuna hobetzera bideratuta daude diru-laguntzak.
Ekintzailetza sustatzeko eta lokalen modernizazioa bultzatzeko diru-laguntza lerro berria martxan jarri du Hondarribiko Udalak, Maria Serrano Merkataritza eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak jakinarazi duenez. 2020an zehar abiatutako jarduera ekonomiko berriei eta obrak edo hobekuntzak egin zituzten lokalei bideratuta daude. Atzo bertan argitaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak (GAO) albistea, eta beraz, gaurtik maiatzaren 26ra arte eska dezakete interesdunek diru-laguntza, BAZen bertan edo Hondarribiko Udalaren webgunearen bitartez.
Denera, 60.000 euroko diru-saila aurreikusi du udalak laguntzetan banatzeko. Kopuru horretatik 25.000 euro jarduera ekonomiko berria martxan jarri zuten enpresa edo norbanakoak laguntzeko bideratuko dira. Eskatzaile bakoitzak gehienez 5.000 euro jaso ditzake, negozioa Alde Zaharrean jarri dutenek izan ezik, 6.000 euroko diru-laguntza izan dezaketelarik. Diruz laguntzen ez den diren gastuen artean, besteak beste, ondokoak aipatu ditu zinegotziak: “Hasierako gastuak ordaintzeko, alokairua hiru hilabetez ordaintzen laguntzeko, gizarte segurantzaren lehen sei hilabeteko gastuak arintzeko, komunikazioan laguntzeko…”. Ostalaritza sektorean zabaldutako proiektu berriak deialditik at daudela ere zehaztu du arduradunak.
Bestalde, lokalen modernizazio bidean hobekuntzak egiten dituztenak laguntzeko 35.000 euro zuzenduko ditu udalak. Kasu honetan, gehienez, eskatzaile bakoitzak 8.000 euro jasoko ditu; lokala Alde Zaharrean egonez gero, diru-laguntza 10.000 eurora irits daitekeelarik. Diru-laguntza martxan dauden jarduerei zein negozio berriei zuzenduta dago.