Azken Portu ingururako udalak aurreikusi duen «pilotakada urbanistikoa» salatu dute Artiako Lagunek
Artiako Lagunek, Ekologistak Martxan taldeak eta Bidasoaldeko Lagunek mozio alternatibo bat aurkeztu dute udalean, «eremu babestuaren urbanizazioa geldiarazteko». Honetan jaurlaritzari proposatu diote lurzati osoa erosteko, «berroneratzeko eta integratzeko» asmoz.
Artiako Lagunek ere udalak Irungo Recondo lursailetan «pilotakada bidegabe bat» egiteko asmoa duela salatu berri du. Irungo Udaleko osoko bilkurak Pasquierreko lursaila birkalifikatzeko eta Azken Portu «babesik gabe» utziko duen akordioa onartzeko mozioa bozkatuko duela diote elkarteko kideek, eta akordio horrek beraz, Habitat Zuzentaraua eta 34/2015 dekretua «urratzen» dituela. Ostiraleko bilkuran bozkatuko dute.
Plan honek bost bloke, 200 etxebizitza eta 245 aparkaleku aurreikusten dituela diote Artiako Lagunek. Jose Antonio Santano alkateak Pasquier enpresarekin akordio bat prestatu duela diote Azken Portu ingururako, Bidasoa ibaiaren ertzean dagoen lurzoru hori birkalifikatzeko. Akordio horren arabera, industria lurzorua izatetik bizitegi erabilerarako lurzorua izatera igaroko litzateke eremua. Hala, elkarteko kideek diote Pasquier enpresak beste enpresa eraikitzaile bati saldu ahalko diola, «askoz ere prezio handiagoan». Era berean, babestuta beharko lukeen eremua babesik gabe geratuko litzakeela ere salatu dute.
Udalak birkalifikatu nahi duen eremu hori Natura 2000 Sarearen barruan dagoela gogoratu du talde ekologistak, Txingudi-Bidasoa KBE 1130 habitata Babes-eremu Periferikoan hain zuzen ere. «Legeak ezartzen du natur gune babestuetan eremu periferikoak errespetatu behar direla, kanpoko inpaktu ekologikoak edo paisaia inpaktuak saihesteko. Babes eremu hori 200 metroko zabalerako babes batean datza, ibaiaren ertzetik hasita, hau da, Bidasoa ibaioaren ertzetik GI-363 errepidera bitarteko lur guztia estaliko luke. araudi hori nahitaez bete behar da».
Artiako Lagunek gaineratu dutenez, lurzoru hori urbanizagarri egiteko udalak hartutako erabakiak ez du funtsezko errealitate bat kontuan hartzen: lursail hori bertako hegazti faunarentzat eta baita hegazti migranteentzat kokagune estrategikoa batean kokatzen dela. «Gipuzkoan babes maila hori duen espazio bakarra da», erantsi dute.
Biodibertsitatea mehatxupean
Talde ekologistak Bidasoa inguruak duen balio naturala nabarmendu nahi izan du. «Migrazio inbutu» bat dela diote, Europa osoko hegazti migratzaileen populazioen atsedenerako, elikadurarako eta babeserako eremua baita.
Horregatik guztiagatik, Artiako Lagunek, Ekologistak Martxan taldeak eta Bidasoaldeko Lagunek mozio alternatibo bat aurkeztu berri dutela jakinarazi dute, «eremu babestuaren urbanizazioa geldiarazteko asmoz». Honetan proposatu dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren AGarpen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari eskatzea lurzati osoa eros dezala, «berroneratzeko eta integratzeko». Ordezkaritza duten talde guztiei dei egin diete azkenik, Santanoren mozioaren kontra bozkatzeko, finean, «eremu baliotsu honen babesaren aldeko botoa» emateko.
Amaitzeko, zuriketa berdea egitea leporatu diote udal gobernuari beste behin Artiako Lagunek. «Etxebizitza gehiago eraiki eta aparkaleku gehiago eraiki nahi dituzte. Hiri eredu zaharkitua da, 1970eko hamarkadan ainguratua, eta gainera, gure ondare berdea eta naturala suntsitzen duena».