Argi berdea eman diote Aleiko proiektuari
Elizatxo hiribidean (Muinoa eta Alei kaleen artean) 60 etxebizitza inguru eraikiko dituzte. Miguel Angel Paez Hirigintza ordezkariaren arabera proiektua «funtsezko urratsa» da eremu horren antolamendurako.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, argi berdea eman diote Aleiko eremurako aurreikusitako proiektuari. Udaleko talde guztiek onetsi dute behin betiko Aleiko plan berezia, joan den martxoaren 26ko osoko bilkuran zehazki. Eremua Elizatxo hiribidean dago, Muinoa eta Alei kaleen artean.
Miguel Angel Paez Hirigintza ordezkariaren arabera proiektua «funtsezko urratsa» da eremu horren antolamendurako. «Alde batetik, oinarriak ezartzen ditugu oinezkoentzako lotura atsegin eta seguruago baten bidez urbanizatzeko Alai Txoko parkearen eta Oinaurreko bizitegi eremuaren arteko zonaldea eta, bestetik, bultzada ematen diogu etxebizitza publikoari», esan du ordezkariak.
Eremuaren azalera 12.000 metro koadrokoa da, eta bertan 60 etxebizitza publiko inguru eraikiko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren eskutik. Lankidetza hau udalak Irunen etxebizitza babestua sustatzeko duen interesean kokatu du Paezek, eta bestelako adibideak gogoratu ditu: San Miguel Anakakoa edo Alardeko eremukoa.
Hirigintza ordezkariak gaineratu du Aleiko antolamendu berriaren fatxaden lerrokadurari esker, lurzoru publikoa eskuratuko duela udalak, oinezkoentzako pasealeku baterako. Hala, Elitxu eta Oinaurre arteko oinezkoentzako loturak hobetuko dituztela zehaztu du Paezek. Horrez gain, udalaren asmoa biribilgune bat eraikitzea ere bada, Alei eta Olagizon kaleen artean. «Horri esker, puntu horretan trafikoa bizkortuko da».