Autonomo eta enpresa txikientzako diru-laguntzak martxan jartzeko eskatu du PSE-EEk
Abenduaren 17an onartutako 472.850 euroko diru-saila "presaz" aktiba dezan galdegin dio Iosu Alvarez sozialistak EAJren gobernu taldeari.
Hondarribiko PSE-EEren udal taldeak autonomoentzako eta enpresa txikientzako aurreikusitako diru-laguntzak martxan jarri dezan galdegin dio Iosu Alvarez bozeramaileak EAJren gobernu taldeari ohar baten bidez. Iazko abenduaren 17an onartutako 472.850 euroko diru saila da “presaz” aktibatzeko eskatutakoa.
COVID-19aren pandemiak utzitako egoerari aurre egiteko “zailtasun ugari” izaten ari direla herritarrak nabarmendu du Alvarezek: “Negozioak euren ohiko jardunaren erdian ari dira lanean edo itxita daude, eta Hondarribiak mila herritar ditu enplegua aldi baterako regulatzeko espedienteetan”. Egoera ikusirik, diru-laguntzak “berandu” datozela iritzi dio sozialisten bozeramaileak.
Azkenik, diru-saila handitzeko prestutasuna ager dezan eskatu dio Alvarezek, halaber, udal gobernuari. Altxortegian gordetako 58 milioi euroak edota iazko 5 milioi euroko soberakina erabiltzeko aukera mahaigaineratu du sozialistak horretarako.