«Iridoyk berriz ere isolatu egin du Irungo EAJ herritarren aldeko ekintzetatik»
Miguel Angel Paez alkateordea kezkati agertu da, joan den astean EAJk ez baitzituen babestu Irun Aurrera plan berrian jasotako neurriak. Bozeramaile jeltzalea «bere istorio pertsonaletan blokeatuta jarraitzen» duela esan du.
Irungo alkateorde Miguel Angel Paezek EAJ taldeko Xabier Iridoyri erantzun berri dio. Joan den astean jeltzaleek salatu zuten hamabi milioi euroko soberakinetik laguntzetara soilik bat bideratu duela udal gobernuak. Jeltzalearen arabera udal gobernuak ez ditu COVID-19aren pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko baliabide guztiak erabili, eta «behar gehiagorik erantzutek eta sektore kaltetuenei laguntza gehiago eskaintzeko» zenbait proposamen egin zituzten ostiralean.
Bada, Paezek deitoratu egin du Iridoyk «nahiago ez izatea prentsaurrekoetan polemika sortzea hiriaren alde positiboan batzea baino». Kezkati agertu da udal gobernua, joan den astean jeltzaleek ez baitzuten babestu Irun Aurrera plan berrian jasotako neurriak. «Iridoyk berriz ere isolatu egin du Irungo EAJ herritarren aldeko ekintzetatik. Berriz ere kontra egiten duen alderdi gisa jokatzen du, ez baitu pisuzko arrazoirik COVID-19ak eragindako krisia arintzeko neurrietan 5 milioi euro baino gehiago aktibatzea dakarren plan batean ez parte hartzeko», esan du Paezek.
Bestalde, EAJk proposatutako lau neurriak «landu gabekoak eta aztertu gabekoak» direla esan du Paezek, «demagogian eta populismoan geratzen» direla. Gainera, udal gobernuko kideek salatu dute jeltzaleek egindako proposamen horiek ez dituztela sikiera planteatu Irun Aurrera planean gehitu beharreko ekintza gisa. «Eztabaidatu eta alderatu genitzakeen, eta gehitu ere bai, baina nahiago izan zuten Udalaren Ekonomia eta Gizartea Sustatzeko Plana ez babestu, isolatuta geratu eta prentsaurrekoa eman, burutazioz betetako orrialde erdia aurkezteko», erantsi du alkateordeak.
Amaitzeko, Paezek esan du Iridoy «bere istorio pertsonaletan blokeatuta jarraitzen» duela. Hala, Iridoy bera eta alderdikideak hausnartzera gonbidatu ditu Paezek.