'Eskola bidea' egitasmoarekin kolaboratzera deitu dituzte hiriko merkatariak
Ikasleak klasera modu seguru eta eraginkorrean joateko programa indartzea erabaki dute aurten. Hiriko saltokiekin lanketa berezia egin nahi dute, ikasleek arazorik balute, denda horietara jo dezaten.
‘Eskola bidea’ egitasmoan pausu berriak emateko apustua egin du Irungo Udalak. Ibilbide jakin batzuetatik eskolara oinez joateko gonbita luzatzen duen programa indartzea erabaki dute, eta horretarako, proba pilotu bat abiatuko du Eguzkitza ikastetxeak. Orain arte, Eguzkitzarekin batera, Dunboak eta Elatzetak ere hartu dute parte programan.
Programaren asmo nagusia eskolen inguruan «mugikortasun ohitura seguru, eraginkor eta osasungarriak sustatzea» dela gogoratu du udalak, eta horretarako, eskolarako bidean zehar topagune jakin batzuetan haurrak elkartu eta batera joaten dira klasera.
Aipatutako proba pilotu honetan, eskolarako bide horretan aurki daitezkeen saltokiak bisitatuko dituzte ikasleek, eta egitasmoan kolaboratzera gonbidatuko dituzte. Horretarako, Eguzkitzak jada dokumentu bat prestatu du, Eskola Bidera atxikitzeko «kontratu sinboliko bat» prest du jada. Egitasmoarekin bat egiteko lokalean ikur bat jarri beharko dute merkatariek.
Hala, haur bat topagunera berandu iristen bada, baso bete ur behar badu edo nolabaiteko laguntzarik beharko balu, badaki zein establezimendura joan behar duen. Ideiak harrera ona izanez gero, gainerako ikastetxeetara zabaltzeko asmoa du udalak.
Borja Olazabal Mugikortasun saileko ordezkariak eskerrak eman dizkie ikastetxeei «beren inplikazioarengatik, horrelako programek mugikortasun jasangarri eta seguruagoa sustatzen jarraitzen laguntzen baitigute. Hemen Larreaundin Eguzkitzarekin batera egiten dugun urrats honek, gainera, balio bikoitza du. Izan ere, ohitura osasungarriak lantzeaz gain, gertuko saltokiekiko lankidetza landuko dugu, eta horrela gazteei helaraziko diegu zer garrantzia duten auzoetako denda txikiek, auzoak bizitzaz betetzen baitituzte».
Markak lurrean
Otsailean jakinarazi zuen udalak Elatzeta ikastetxeko bideetan (Katean hain zuzen ere) markak margotu dituztela lurrean, ibilbide bakoitzeko abiapuntu eta topaguneak identifikatzeko. Ikastetxea identifikatzeko maskotak Sua du izena, eta ikasleek haren marrazkia zuen biniloak jarri zituzten ibilbideetako elementu eta altzarietan. Ordutik, Dunboa eta Elatzeta ikastetxeetako ibilbideetan ere margotu dituzte.