Energia modu eraginkorrean erabiltzeko tailerrak antolatu dituzte
Energia eta dirua aurrezten ikasteko lau 'online' saio burutuko dituzte; lehena, hilaren 29an ostegunarekin egitea aurreikusi dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean, energia modu eraginkorrean erabiltzeko tailerrak antolatu ditu Energia Argitu programaren baitan. Lau online saio izango dira denera. Etxean energia aurreztu erosotasunik galdu gabe izenburupean garatuko da horien artean lehena, hilaren 29an, 18:00etan abiatuta.
Tailerrean parte hartu nahi duten lagunei sarbidea eman beharko die Aldundiak eta beraz, aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa dela gogoratu dute, ondoko posta elektronikoan edo 943-16 41 72/605 75 76 87 telefono zenbakietara deituta.
Ondokoak dira aurreikusitako gainontzeko saioak:
- Maiatzak 13. Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!
- Maiatzak 27. Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko.
- Ekainak 9. Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun iraunkorrerako aukerak.