'Aukerak ereiten' lehiaketa abiatu dute, eskualdeko ikasleen artean ekintzailetza bultzatzeko
Bidasoko Lanbide Heziketa zentroetan egindakoa balioan jarri nahi du Bidasoa Bizirik-ek. Bidasoa, Plaiaundi, La Salle eta Mendibileko ikasleek eslogan motibagarriak sortu beharko dituzte, «originalak, sortzaileak eta burutsuak».

Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeekin eta Tknika zentroarekin batera Aukerak Ereiten lehiaketa jarri berri du martxan Bidasoa Bizirik-ek. Bidasoko Formakuntza Profesionaleko zentroko (Bidasoa, Plaiaundi, La Salle eta Mendibil) ikasleek hartuko dute parte egitasmoan, helburu nagusia baita zentro hauetan egindako lana zabaldu eta horri balioa ematea. Horrez gain, ikasleen artean ekintzailetza grina bultzatzea ere badu xede lehiaketak, gaur Bidasoa Bizirik-eko presidente Miguel Angel Paezek azaldu duen bezala.
Hala, eslogan motibagarrien gaineko lehiaketa izango dela zehaztu du Paezek. «Aurten eslogan motibagarrien inguruko lehiaketa egingo dugu, ikasleek ikus dezaten izpiritu ekintzaile hori pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta soziala gainditzen laguntzeko jarrera erabilgarri eta eraginkorra dela».
Lehiaketan 18 urtetik gorakoek ahalko dute parte hartu, 2-4 laguneko taldetan, beti ere aipatutako zentroetan ikasten badute.
Aurkeztu beharrekoari dagokionez, antolatzaileek zehaztu dute esloganak «originala, sortzailea eta burutsua» beharko duela izan. Esloganarekin batera argazki edo bideo bat ere aurkeztu beharko da (bideoa gehienez 60 segundokoa). Lanak helbide honetara bidali beharko dira, maiatzaren 7ra arte.
Garaileek (zentro bakoitzeko bat) paddle surfean bi orduz aritzeko txartel bana jasoko dute.