Presoen alde, Irungo tontorretara
'650 tontor baietz' iniziatibaren barruan, Irungo Sarek hiriko hiru gainera martxa antolatu du maiatzaren 8rako. Bide luzea edo motza egin daiteke.
Irungo Sarek, Euskal Herriko beste toki askotan bezala, presoen eskubideen alde mendi martxak antolatu ditu maiatzaren 8rako (larunbata). 650 tontor baietz egitasmoaren barruko jarduera izango da, 2020ko urriaren 3an egitekoa zena eta eguraldi txarragatik bertan behera gelditu zena. Egitasmo hori Izan Bidea dinamikaren barrukoa da.
Martxan parte hartu nahi dutenek bi aukera dituzte. Lehena, ibilbide luzea egin nahi dutenentzat da, eta 08:30ean dira irtetekoak San Juan plazatik. Bide motzagoa egiteko hautua egingo dutenek 10:30ean egon behar dute Elurretxeko parkinean (autoz joan daiteke hara).
Handik aurrera Muganix (758 metro), Irumugarrieta (810 metro) eta Txurrumurru (826 metro) gainak zapaltzea da asmoa.
Aldez aurretik izena ematea komeni dela esan dute Irungo Saretik. Aldi berean, nahi duenak eragilearen kamiseta urdina eraman dezala iradoki dute. Izen ematerako eta elastikoa eskuratzeko posta elektroniko mezua bidali behar da.
Tontorren iniziatiba Izan Bidea dinamika orokorraren barruan dago. Hala, besteak beste, euskal presoen alde 3.127.326 kilometro egitea jarri dute erronkatzat, Euskal Herriko biztanle bakoitzeko kilometro bat alegia. Jada milioi bat kilometrora iristear direla jakinarazi du Sarek.