San Marko parkean parte hartze prozesua eskatu du Abotsanitzek
Parkearen etorkizuna erabakitzeko herritarren parte hartzea eskatu du udal taldeak, auzotarrek eta adituek "zeresan handia" baitute.
San Marko parkearen etorkizuna erabakitzeko herritarren parte hartze prozesua zabaltzeko eskaera erregistratu du Abotsanitz Herri Batzarrak. Auzotarrek eta adituek “zeresan handia” dutela argudiatu du udal taldeak, baita “parte hartu nahi duen orok” ere.
“Parke gutxi daude Hondarribian, baina horietako bat altxor ekologikoa da, gizakientzako birika berdea, eta makina bat flora eta fauna espeziren babesleku. San Marko parkeak ingurumen balio itzela du, eta hala jarraitu beharko luke izaten”, iritzi dio Abotsanitzek.
Alderdiak gogoratu duenez, 2009an EAJren gobernu taldeak parkea urbanizatzeko aurkeztutako proiektuaren aurka agertu ziren bizilagunak eta talde ekologistak, eta ondorioz, “proiektua ez zen aurrera eraman”.
Auzoka dinamikaren baitan jasotako ekarpena dela zehaztu du, halaber, Abotsanitzek.