Portuarrek osatutako komunitatea aztergai izango du I. Enrike Lekuona Ikerketa Bekak
Aritz Diez hondarribiarrak eta Josu Narbarte irundarrak aurkeztutako 'Portuarrak. Begirada historiko bat Hondarribiko itsas komunitateari' proiektuak irabazi du deialdia.
Portuarrak Begirada historiko bat Hondarribiko itsas-komunitateari izenpeko proiektuak irabazi du I. Enrike Lekuona Ikerketa Beka, gaur ezagutarazi dutenez. Josu Narbarte irundarra eta Aritz Diez hondarribiarra dira proiektuaren bultzatzaileak. Arkeologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da lehena, eta arkitektoa eta beste hainbat ikerketa eta proiekturen egilea da bigarrena. Haiez gain, Hondarribiko alkate eta Arma Plaza Fundazioko presidente Txomin Sagarzazu eta Enrike Lekuonaren alargun Miren Legorburu bildu dira aurkezpenean.
Magdalena kubotik Arrokako puntaren artean zegoen itsas komunitatearen inguruan «gutxi ikertu dela» azaldu du Diezek, eta horrexegatik, hain justu, aukeratu dituztela portuarrak aztergai gisa esplikatu du. Hortaz, «hutsune» hori betetzea dela haien helburua gaineratu du ikerlariak. Narbarte bere aldetik asebete agertu da proiektuarekin, eta eskerrak eman nahi izan dizkio lankideari «proiektua bion artean ondu dugun arren hasierako ideia Aritzena [Diez] izan zelako». Hala, lan «polita» egiteko aukera baliatu nahi izan duela erantsi du Narbartek.
Enrike Lekuonaren bikote Legorburu «pozik» agertu da deialdiarekin. Eskerrak helarazi dizkio udalari beka martxan jartzegatik eta familiaren ordezkari bat epaimahaikide izatea ahalbidetzeagatik. Era berean, Xabier Isasi EH Bilduko bozeramaileari eskerrik beroenak helarazi dizkio Legorburuk, «erronka pertsonal» gisa lan egin duelako bekak aurrera egin zedin.
Hala, Lekuona hondarribiarra eta portuar «erbesteratua» izateaz «harro» zegoela nabarmendu du Legorburuk, eta jaso zezakeen omenaldirik onena beka hau dela erantsi du: «Galdetzen zigutenean atzeko frontoiari Enrike Lekuona izena jarri behar ote zioten ezetz esaten genuen, hori ez zela bere estiloa. Guretzat, ikerketa beka hau da omenaldirik onena».
Bederatzi parte hartzaile
Arma Plaza Fundazioko presidente eta Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk maila handiko bederatzi proiektu aurkeztu direla lehiaketara ezagutarazi du. Itsasoa, ondarea eta euskara ardatz izan behar zuten proiektu lehiakideek, eta hori betetzeaz gain, «ikuspuntu oso ezberdinetatik» planteatu dituztela gaineratu du. Orain, urte eta erdi edukiko dute Diezek eta Narbartek haien ikerketa gauzatzeko.