[Erreportajea] Etsipenaren gainetik auzo bat gehiago izan nahi du Mendeluk
EAJk eta PSE-EEk Batzar Nagusietan hartutako azken erabakia deitoratu dute Mendelu Auzo Elkarteak eta Balaztak. «Utzikeria» eta «borondate falta» leporatu dizkiete agintari politikoei.
Mendelu auzoaren egoera eztabaidagai izan zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek joan den astean. Han hartutako erabakiek ez dituzte bizilagunak eta Balazta elkartea asebete. Beldur dira zenbat denboraz luza daitekeen auzoak bizi duen «utzikeria». Arazoarekin bukatzeko «borondate falta» eta «ezikusiarena egitea» egotzi diete politikoei.
Esti Rubio Mendelu Auzo Elkarteko kideak onartu duenez bizilagunak «etsita» daude dagoeneko: «Beti minimoetan gabiltza; fatxada egin behar da, baina ez dakigunez gure etxeak eraitsiko dituzten edo ez, ahalik eta gutxien egiten dugu». Horri inbertsio falta gehitu dio: «Udalak ez badu inbertitzen auzo izaera bat emateko, jendeak ez du hemen ezer egiten, lotara etortzen da bakarrik». Salatu duenez, trafikoaren zarataz gain, errepidea etxeko atarian bertan dute hainbat bizilagunek, espaloiaren zenbait zatitan ez dira bi pertsona batera kabitzen, eta ezinezkoa da gurpildun aulki edota ume-kotxe batekin bertatik igarotzea. Azken xehetasun bat gehitu dio Rubiok zerrendari: «Egunero, batez beste, 8.000 ibilgailu pasatzen dira hemendik».
Hirigintza arazoez gain, txirrindularien mugikortasuna segurua izan dadin neurriak aldarrikatu ditu Balazta Bizikletaren Aldeko Bidasoko Elkarteak. «Urteak daramagu bidegorri bat edo bizikletentzako igarobide seguru bat eskatzen, eta ikusten dugu ez dela aurrerapausorik ematen», adierazi du Kote Guevara taldekideak. 2021 Agenda jarri du adibide gisa: «Orain dela gutxira arte 2021 Agenda genuen. Egin behar zituzten gauza pila bat, baina 2021era iritsi, ez dute sikiera erdia egin, eta sartu dira 2030 Agendan. Bukatu eta egindakoa aztertu gabe heldu diote hurrengoari».
Elkarteen proposamenak, at
Iazko abenduaren erdialdean helarazi zizkion Abotsanitzek aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari Mendeluko «inbutua» arintzeko hainbat eskari. Otsailaren 18an Mugikortasun Batzordean parte hartu zuten Balaztak eta auzo elkarteak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gonbidatuta. Egoera ikusirik, bi alderdiek elkarteen hamar proposamenak bildu, propio egin eta mozio bateratua aurkeztu zuten Batzar Nagusien joan den asteazkeneko osoko bilkuran. Hala ere, EAJk eta PSE-EEk emendakina aurkeztea erabaki zuten, eta duten gehiengoa baliatuta hiru puntuko proposamena onartu zuten: Zubimuxu ondoko zebrabidea lekuz aldatzea; autobus geltokietako lurzorua 2021ean zehar konpontzea; eta azkenik, ibilgailuei orduko 30 kilometroko muga ezartzea.
Guevarak eta Rubiok deitoratu dute bi alderdien jokaldia, ez baitituzte elkarteek proposatutako «gutxienekoak» barneratu. Areago, orduko 30 kilometroko muga ezartzea kritikatu dute: «Maiatzean sartzen da indarrean DGTren lege berria, eta beraz, halabeharrez egin behar zuten hori». Hori gutxi balitz, plan orokorraren indargabetzea ere izan du hizpide Rubiok: «Zenbat denbora pasa behar da orain, 20 urte? Zenbait etxek ez dute iraungo». Hondarribiko beste auzo bat direla gogoratu du kideak.