Hamabi milioi euroko soberakinetik laguntzetara soilik bat bideratzea leporatu dio EAJk udal gobernuari
Jeltzaleen arabera udal gobernuak ez ditu COVID-19aren pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko baliabide guztiak erabili, eta «behar gehiagorik erantzutek eta sektore kaltetuenei laguntza gehiago eskaintzeko» zenbait proposamen egin dituzte.
Irungo EAJ taldeko Xabier Iridoy bozeramaileak eta Jose Corchon zinegotziak agerraldia eskaini dute gaur batzokian. Bertan salatu dutenez, udal gobernuak ez ditu COVID-19aren pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko baliabide guztiak erabili, eta «behar gehiagorik erantzutek eta sektore kaltetuenei laguntza gehiago eskaintzeko» zenbait proposamen egin dituzte.
Jeltzaleen arabera, orain dela aste batzuk jakin dute 2020 urteko likidazio zehatza, eta emaitza «espero baino hobea» izan dela aitortu dute: 12 milioi euroko soberakina dago. Halere, salatu dute udal gobernuak ez duela bere hitza eta konpromisoa bete, 12 milioi euro izan arren, Irun Aurrera planean onartutakoa 2021eko aurrekontuaren «ia kalko» bat baita haien ustez, soilik milioi euro bateko gehikuntzarekin. «Hamabi milioi euroko soberakinetik, gobernuak bakarra erabiltzen du laguntzetarako», esan dute amorruz.
«Krisiari behar bezala aurre egiteko, ahalik eta azkarren joan behar dugu, epeak oso garrantzitsuak baitira. Ezin dugu denbora gehiago galdu. Horretarako, gure taldeak Irun Aurreraren laguntzak handitzearen alde egiten du», esan du Iridoyk.
Zentzu horretan honako proposamenak egin dituzte, «okerren dauden Irungo sektore, familia eta pertsona horiei bizirauten bada ere laguntzeko»:
-
Zuzeneko laguntzak ematea ostalaritzarako, merkataritzarako eta eragindako beste sektore batzuetarako, hala nola bidaia agentzietarako, taxilarientzako edo gimnasioentzako. «Laguntza azkarrak eta eraginkorrak» nahi dituzte.
-
Bonu sistema hobetzea. Beste udal batzuen jardunbide hobeak aztertzea eta Irungoarekin alderatzea proposatu dute, eta, hala badagokio, kontuan hartzen diren hobekuntzak egitea.
-
Kultura bonuak izatea.
-
Ikuslerik gabeko ekitaldiak egiteagatik sarreren salmentan ezer irabazi ezin izan duten kirol klubentzako laguntzak bideratzea.