[Galeria] Eritreako gaztea gogoratu eta justizia eskatu dute irundarrek
Heriotza baino, migrazio politikek zuzenean eragindako erailketa izan dela dio amorruz harrera sareak, «migrazio fenomenoaren aurkako eta pertsonen aurkako praktika negargarrien ondorio» izan dela.

Joan den igandean Irunen zendutako Eritreako gaztea gogoratu zuten atzo dozenaka lagunek San Juan plazan. Harrera Sareak deituta, ‘Euskal Herria harrera herria’ lelopean elkartu ziren. ‘Stop arrazakeria’ eta ‘Black Lives Matter’ leloekin osatutako kartel ugari erakutsi zituzten herritarrek.
Eritrearraren heriotza «ustekabeko eta testuingurutik kanpo dagoen gertaera gisa» aurkeztu nahi dutela gogor salatu zuten bertaratutakoek. Heriotza baino, migrazio politikek zuzenean eragindako erailketa izan dela diote amorruz, «migrazio fenomenoaren aurkako eta pertsonen aurkako praktika negargarrien ondorioa» izan dela.
Erakunde eskudunei hildako gaztearekin zer gertatu den argitzeko eskatu du sareak, haren identifikazioa, familiarekin komunikazioa eta gorpuaren aberriratzea errazteko alegia. Finean, «Irunera iristen diren pertsona migratzaileei eragiten dieten harrera hizpide murriztaileak eta diskriminatzaileak berrikusi eta zabaltzeko» eskatu dute. Bide batez, Hendaiako «muga arrazista irekitzeko politika» egin dezatela exijitu zuten atzoko mobilizazioan.