Espainiako Gazte Promesen podiumera igo da Santiagotarrak
Santiagotarrak klubeko gazteak fin aritu dira Espainiako Gazte Promesen Lehiaketan, etorkizuna badutela erakutsi dute.
Santiagotarrak klubeko gazteak oso fin aritu dira Espainiako Gazte Promesen Lehiaketan, etorkizuna badutela erakutsi dute. Podiumera igotzeko gai izan dira taldekako sailkapenean, zehazki, hirugarren postura. Guztira, klubeko 29 kirolari (infantil zein kadeteak) aritu dira Banyolasen (Katalunia) jokatutako txapelketan.
Iker Castañoren zilarrezko domina nabarmentzekoa izan da, azken unera arte garaipena borrokatu zuen, eta honi esker podiumeko bigarren postuan sailkatzea lortu zuen.
Bestalde, kadete kategoriako partaide asko izanik, 3.000 metroko sailkapen proba jokatu behar izan zuten partaideek, eta klubeko ia guztiak gainditzeko gai izan ziren.
Klubeko Eneritz Aizpiolea ere fin aritu zen asteburuan, zazpigarren postuan heldu zen; Jakobe de la Sernak aldiz, zortzigarren postua eskuratu zuen. Amaitzeko, igandean, Malen Juaristi podiumetik oso hurbil geratu zen; azkenean, laugarren postuan amaitu zuen lehia.
Europako eta Munduko Txapelketara bidean
Joan den asteartetik gaur bitarte, Europako eta Munduko Txapelketetan Espainiako selekzioan nor ariko den aukeratzeko selektiboa jokatzen ari dira Sevillan. Bertan, klubeko Aitor Gorrotxategi, Nerea Garcia eta Eneko Egiguren ari dira.