Alarde eremuko babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko obrak, hastear
Astelehenean (hilak 26) hasiko dituzte lanak. Udalak jakinarazi du ordutik aurrera Alarde inguruko parkinga itxiko dutela.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, datorren astean hasiko dituzte Alarde inguruan babes ofizialeko 42 etxebizitzak eraikitzeko lehen lanak. Guztira, bi logelako 28, logela bakarreko 10 eta hiru logelako lau etxebizitza eraikiko dituzte, gehienak terrazekin, eta horietako bi mugikortasun murriztua dutenentzako egokituko dituztela aurreratu du udalak. Lanak 22 hilabeteko epean amaitzea aurreikusi dute.
Etxebizitza berriak eraikitzeko obrak direla eta, udalak iragarri du Alarde inguruko parkinga itxiko dutela astelehenetik (hilak 26) aurrera, 8:00etatik. Noiz zabalduko duten ez dute aurreratu oraindik.
Bestalde, udalak gogoratu du etxebizitzekin batera Lapitze kaleari lotutako partzela batean ere etxebizitza gehiago egitea aurreikusten duela. Bertan babes ofizialeko beste 10 (alokairuzko erregimenean) etxebizitza eraikiko dituzte, EH Bildu taldeak aurkeztutako emendakinari esker.