Aurtengo San Martzial eta San Pedro Jaiak, bertan behera
Atzo hartu zuten erabakia Kultura, Kirola, Euskara eta Hiri Bultzadarako batzordean: "Udalaren iritziz, hiriko jaiak ez ospatzea da jarrera arduratsuena".
Irungo Udalak gaur jakinarazi du erabakia: 2021ean, iaz bezala, ez da San Martzial eta San Pedro jairik izango. Horrela adostu zen atzo egin zen Kulturako, Kiroleko, Euskarako eta Hiri-bultzadako Batzordean, eta komunikatu bat ere bidali zitzaien edizio bakoitzean laguntzen duten erakunde eta elkarteei. Batzorde horretan udalbatzako talde guztiak eta hiriko hainbat entitate daude ordezkatuta. Erabakiaren oinarria COVID-19aren pandemiak sortutako egoeran dago.
Udalaren iritziz, Irungo jaiak ez ospatzea da jarrera arduratsuena, “horrela ez baita arriskuan jarri nahi ez pandemiaren aurkako borrokan egiten ari den lan handia, ez urte luze honetan herritar guztiek egin duten sakrifizioa”.
Irungo Udalak eskertu egin du “hilabete hauetan guztietan irundarrek pandemiaren aurka borrokatzeko erakutsi duten konpromisoa”, eta herritarrei dei egin di osasun neurriak betetzen jarrai dezatela, “izan ere, horrela, 2022an ilusio eta gogo handiagoz ospatu ahal izango ditugu elkarrekin San Pedro eta San Martzial jaiak”.