Migranteak artatzeko martxoan abiatutako kontingentzia plana, indargabetuta
Beatriz Artolazabal sailburuak konpromisoa hartu du uda baino lehen bildu eta udako premietara egokitutako plan espezifiko bat aurkezteko, "iragaitzazko migratzaile gehiago iritsi ohi baitira udan".
Gaur goizean Iragaitzazko Migratzaileei Premiazko Harrera emateko erakunde arteko koordinazio mahaia bildu da Irungo Gordailuan. Bertan, eskualdeko alkateez gain, Beatriz Artolazabal sailburua izan da. Bileraren ostean, Belaskoenea auzoko migranteentzako aterpea bisitatu dute.
Gaurko bisitan joan den martxoaren 6an abian jarritako kontingentzia plana indargabetzea iragarri dute, hirira iritsitako migrante talde handiei erantzuteko jarritakoa. Horretan, Irungo erromesen aterpetxea eta Hondarribiko aterpetxea migranteak artatzeko egokitu zituzten. Hondarribiko dispositiboa martxoaren bukaeran itxi zuten, eta oraindik ez dute zehaztu erromesen aterpearekin zer egingo duten.
Halaber, gaur bildu direnek konpromisoa hartu dute uda baino lehen berriro biltzeko, eta udako premietara egokitutako plan espezifiko bat aurkezteko, «iragaitzazko migratzaile gehiago iritsi ohi baitira udan».
«Guztien arteko lankidetza eta indarren batasuna funtsezkoak izan dira erantzun koordinatu eta, batez ere, humanizatu bizkor hori emateko», esan du Artolazabalek, eta mahaiko zein erakundeen eta hirugarren sektoreko agenteen arteko elkarlana txalotu du.
Artolazabalek emandako datuen arabera, Eusko Juarlaritzak abiatutako baliabideek 1.074 migratzaileri eskaini diete arreta martxoaren 1az geroztik. Urteko beste aldi batzuekin alderatuta zifra handia dela nabarmendu dute. Irunen, Belaskoeneako dispositiboak 320 laguni eman zien arreta urtarrilean, eta otsailean beste 482ri. Martxoan migrante asko iritsi ondoren, apirileko datuekin batera kontabilizatu dituzte aurreko hilekoak; apirilean 301 asistentzia kontabilizatu dituzte astelehenera bitarte.
Harrera Sarearen salaketa
Gaurko bisitan Artolazabalek nabarmendu du inor ez dela arretarik gabe geratu, «ez zaiola inori atea itxi». Halere, Irungo Harrera Sareak maiz (eta oraingo honetan ere) salatu du migrante askori ez dietela ostatu eman Belaskoeneako dispositiboan, Gurutze Gorriaren baldintzak betetzen ez zituztelako. «Nahi bezala aldatzen dituzte baldintza horiek», diote sareko kideek amorruz.
Kazetariek sareko boluntarioen salaketa helarazi diote Astolazabali, harrera sareko kideei ez baitiete utzi dispositiboan eskaini duten agerraldira sartzen utzi. Akreditazioa beharrezkoa zela argudiatu diete boluntarioei, baina kazetariei ere, ez diete eskatu.
Artolazabalek argudiatu du Belaskoeneako dispositiboa «trantsituan dauden migranteentzako» egokitutako gunea dela, eta askotan «malguak» izan direla baldintzekin. «Uste dut ez dela positiboa migranteei buruz hitz egiterakoan kolektibo ezberdinak nahastea. Euskadira iristen diren pertsonek behar ezberdinak dituzte. Egia da beharrezkoa dela gogoeta bat egitea, harrera hori hobetzeko. Esan dezakedana hau da: baldintzak bete dituzten guztiei harrera egin zaiela, eta kasu batzuetan baldintza horiek malgutu ditugula».
Bertaratutako kazetariek Eritreako gazte baten heriotzagatik galdetu diote sailburuari, eta honek esan du ez dutela konstantziarik Eusko Jaurlaritzak egokitutako dispositiboetatik pasatu zenik. «Ez dugu haren identitatea ezagutzen, baina Eritreako gazte bat da, 21 urtekoa. Esan dezakegun gauza bakarra da trantsituan dauden migranteentzako egokitutako dispositiboetatik ez dela pasa».