[Galeria] «Eraiki ditzagun zubiak, euskararekin eta beste doinuekin osa dezagun sinfoniarik ederrena»
Irun izan zen Kutxa Biraren geltokia atzo, ametsez bete zuten herritarrek. Irungo Harrera Sarea eta AEK izan ziren protagonista nagusiak.
Euskal Herritik biraka aritu ostean, atzo egin zuen geldialditxoa Irunen Iparra Hegoa elkartearen Kutxa Birak. San Juan plazan egin zioten harrera hamarka lagunek, Irungo Harrera Sareko eta AEKko kide ugarirekin batera, haiek izan baitira protagonista nagusiak. Mugak gaindituz euskararen herria, harrera herria lelopean egin zuten atzoko ekitaldi xumea. AEKko ikasleek banan-banan euren ametsak idatzi zituzten plazan jarritako panel handi batean. Ondoren, herritarrek ere euren ametsak islatzeko aukera izan zuten.
Amaitzeko, Beñat Alzaga Olazabal AEK-ko arduradunak harrera sarearen eta AEKren izenean ondorengo testutxoa irakurri zuen, bien artean osatutako ametsa, dagoeneko Kutxa Birak irentsi duena: «Mugak dauden lekuak zubiak baleude, denok bat eginda bageunde, batetik bestera joateko aske bagina, euskara bihotzetik ezpainetara zabalduko bagenu, munduko beste hizkuntzekin aberastuko balitz, hemengoak eta hangoak bereizi ez bagenitu, gure Euskal Herria denona balitz, geurera datozenei harrera duina egingo bagenie, ez geundeke gaur hemen. Gaur ametsak egia bihurtzeko etorri gara, beraz, eraiki ditzagun zubiak, euskararekin eta beste doinuekin osa dezagun sinfoniarik ederrena. Ez dago ez pertsona ez hizkuntza ilegalik. Inor ez da inor baino gehiago. Poza izan dadila denon poza».
Gaur berriz, Hondarribian egingo du geldialditxoa Kutxa Birak. Kasino Zaharrean egingo diote ongi etorria, 20:00etan.