Eritreako gaztearen heriotza argitzeko eskatu du Irungo Harrera Sareak
Erakundeek heriotza «ustekabeko eta testuingurutik kanpo dagoen gertaera gisa» aurkeztu nahi dutela salatu dute, finean, «hildakoa mamu bihurtzea, heriotza hori migrazio fenomenoaren aurkako eta pertsonen aurkako praktika negargarrien ondorioa dela onartu beharrean».
Irungo Harrera Sareko boluntarioek agerraldia eskaini dute gaur Belaskoenea auzoan migranteentzako egokitutako dispositiboaren parean. Amorruz salatu dituzte erakundeek abiatutako harrera politikak, «migratzaileen heriotza ekarri baitute». Joan den igandean Irunen eman zen Eritreako gaztearen heriotzaz aritu dira.
Herenegun aurkitu zuten gaztea urkatuta (08:30ak aldera), Azken Portu auzoan Bidasoa ibaiaren bazterrean. Sareko kideen arabera, emakume batek gizon beltz baten gorpua urkatuta aurkitu zuen kiroldegiaren atzeko aldean. Lehen ikerketen arabera, gazteak bere buruaz beste egin zuen; Irungo Ertzaintzaren komisaria ari da kasua ikertzen.
Heriotzaren hurrengo egunetan, iturri kontrastatuen bidez sareko boluntarioek honakoa jakin dute: Eritrear jatorriko herritarra zela, gaztea, ez zegoela Irunen erroldaturik, ez duela ibilbiderik Bidasoaldeko HHIn eta udalarena ez den beste harrera baliabiderik erabili duen erregistrorik ez dagoela. Ez dute bizileku agiririk atzeman, eta Irungo eritrear komunitateak ez zuen gaztea ezagutzen. «Hau da, mamu baten aurrean gaude», esan dute boluntarioek. Jatorriagatik, adinagatik eta inguruan erroldatuta ez izanagatik, «mamu hori trantsituzko migratzaile bat denaren hipotesiarekin» egiten du lan sareak.
«Gure esperientziak hipotesi hau planteatzera garamatza: bere jatorria kontuan izanik, Europara Italiatik sartu zen gaztea zela. Ziur asko Frantziara edo Alemaniara iristen saiatu zen. Ezin izango zuen inon finkatu eta Europan zehar ibiliko zen, beste hainbeste migratzaile bezala. Une batean Irunera iritsiko zen Frantziara igaro asmoz. Baliteke lortu izana, nahiz eta Frantzian atxilotu eta legez kanpo kanporatuko zuten, behin baino gehiagotan ere. Eta, azkenik, etsipenaren aurrean, horrelako jazarpenarekin amaitzea erabaki zuen. Pertsona migratzaileek bidaiatzen hasten diren unetik bertatik eta zeharkatzen dituzten etapa guztietan jasaten duten jazarpena. Sarritan heriotzean amaitzen den jazarpena», erantsi du amorruz gaurko agerraldian sareko kide Alaine Aranburuk.
«Pertsona horiek hiltzera bultzatzen dituztenei, eta bereziki Irundik pasatzen diren horiei hiltzera bultzatzen dituztenei» izena jarri diete boluntarioek: Maroko, Turkia eta Libia («EBko jendarmak bihurtu direnak»); Grezia, Italia eta Espainiako Estatua («EBren kanpoko mugak»); Frantzia («Schengengo espazioaren barne muga») eta Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Irungo Udala.
Erakundeen «paper eskasa»
«Gizatasuna kentzeko politika arrazista horiek hartu eta arindu nahi dituztela ikustarazten diguten euskal administrazioei» dagokionez, «oso paper eskasa» dutela salatu dute, praktikan administrazio horiek trantsituzko migratzaileak «modu murriztaile eta kaltegarrian definitzen» dituztela. Horren ondorioz, joan den martxoan sareko boluntarioek gauez kalean zeuden 30 lagun baino gehiago artatu behar izan zituela gogoratu dute, «inolako baliabiderik gaude zeudenak». «Apirilean 30 egonaldi horiek gaindituko ditugu kalean. Berriro ere, betetzen ez diren tokiak dituzten gaitutako baliabideak egonik», erantsi dute amorruz.
Eritrearraren heriotza «ustekabeko eta testuingurutik kanpo dagoen gertaera gisa» aurkeztu nahi dutela salatu dute, finean, «hildakoa mamu bihurtzea, heriotza ori migrazio fenomenoaren aurkako eta pertsonen aurkako praktika negargarrien ondorioa dela onartu beharrean».
Jaurlaritzari, aldundiei eta Irungo Udalari hildako pertsonarekin zer gertatu den argitzeko eta pertsona horren identifikazioa, familiarekin komunikazioa eta gorpuaren aberriratzea errazteko eskatu diete, «giza eskubideen eta pertsonen alde lan egiteko, eta dagokien erakundeetan politika egitea, Irunera iristen diren pertsona migratzaileei eragiten dieten harrera hizpide murriztaileak, diskriminatzaileak eta nahikoak berrikusi eta zabaltzeko». Eskumen mugen atzean ez ezkutatzeko eskatu diete, eta Hendaiako «muga arrazista irekitzeko politika» egin dezatela.
«Heriotza hori nahikoa ez bada, laster eta egoera horrek jarraitzen badu, beste bat izango dugu Bidasoko uretan edo ibaiertzean. Denbora kontua da. Administrazioei arrazakeria, diskriminazioa eta hiltzeko aukera, migrazioen berezko gauzatzat ez hartzea eskatzen dugu».
Mobilizazioa bihar
Eritreako gaztearen heriotza salatu eta «harrerarako eta bizitzarako lurraldea garela» aldarrikatzeko, elkarretaratzera deitu dituzte bihar (hilak 22) irundarrak, San Juan plazan, 18:00etan.