Apirilak 25, deportazioaren biktimak gogoratzeko egunaren harira, 'Bidasoko Deportatuak | Erakusketa Ibiltaria' sarean eskegi du elkarteak.
‘Bidasoko Deportatuak’ erakusketa ‘online’ ikus daiteke.
Bidasoko Deportatuak | Erakusketa Ibiltaria sarean eskuragarri jarri duela jakinarazi du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Apirilak 25, deportazioaren biktimak gogoratzeko eguna dela eta, erakusketa
online abiatzea erabaki du elkarteak.
Lehenik eta behin, deportazioaren kontzeptu orokorrak azaltzen ditu erakusketak. Era berean, Behe Bidasoa inguruko zein Europa iparraldeko esparru nagusien nondik norakoak esplikatzen ditu. Azkenik, eskualdeko, eta Bortziria zein Baztango (Nafarroa) deportatuen zerrendak daude.
Kepa Ordoki elkarteko kideek adierazi dutenez, “aukera bikaina da erakusketa ikusi ezin izan ez duen ororentzat. Deportazioa urruneko gertakaria dela uste arren, Bidasoa arroko 95 bizilagun bortxaz mugiarazi zituzten kontzentrazio eta akabatze esparruetara, hauen herena bertan erailiz”.
Bukatzeko, erakusketa “bizirik” mantentzeko asmoa agertu du Kepa Ordokik. Hori dela eta, Behe Bidasoa inguruko herriak bisitatzen jarraituko duela adierazi du. Halaber, edozein erakunde, ikastetxe eta elkarteri erakusketa beste guneetara eramateko gonbidapena luzatu die taldeak.