Iazko etenaldiaren ostean, bueltan dira udalekuak
Aurten etxeko txikienek udalekuez gozatzeko aukera izango dute, sei txandatan. Guztira, 180 plaza eskainiko dituzte.
Etxeko txikienen gozamenerako, bueltan dira udalekuak. Iazko etenaldiaren ostean, Irungo Udalak programa berreskuratzea erabaki du eta gaur bertan horren gaineko xehetasunak eman ditu Hezkuntza eta Gazteria saileko ordezkari Santi Jimenezek.
«Udaleku hauen helburua da udalerriko haur eta nerabeek, etxetik irten ezinik hainbeste hilabete igaro ondoren, abentura jarduerez gozatzeko aukera izatea astebetez, ohikoagoak diren beste leku batzuetan egingo luketen bezala, baina kasu honetan gure inguruan ditugun baliabide naturalak aprobetxatuz. Programaren helburua da, halaber, beren adineko gazteekin bizikidetza indartzea eta haien autonomia bultzatzea, hazkundearen fase horretara egokituta. Familien kontziliazioa da gure beste helburuetako bat, gurasoek aukerak behar baitituzte eskolako oporraldiari begira beren
egitekoak antolatzeko», esan du gaurko aurkezpenean ordezkariak.
Aurtengo deialdia 2005 eta 2013 urteen artean jaitakoei zuzenduta dago (bi urteak barne), eta astebeteko sei txanda egingo dituzte. Izena eman ahal izateko, honako baldintzak bete beharko dira: Irunen erroldatuta egotea eta udalekuak egiteko aukeratutako hizkuntza parte hartzailearen eskolako hizkuntza eredura egokitzea. Guztira, 180 plaza eskainiko dituzte.
Apuntatzeko gurasoek hilaren 26tik 30era bitarteko epea izango dute, eta 943 505 152 telefono zenbakira deituz egin beharko dira izen emateak, 8:00etatik 19:00etara astean zehar eta larunbatetan aldiz, 8:30etik 13:30era.
Lehen txanda uztailaren 5etik 11era luzatuko dute (2011, 2012 eta 2013an jaiotakoentzat); bigarren txanda uztailaren 11etik 17ra (2008, 2009 eta 2010ean jaitakoak); hirugarren txanda uztailaren 7tik 23ra bitarte (2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoentzat); laugarren txanda uztailaren 23tik 29ra (2008, 2009 eta 2010ean jaitakoak); bosgarrena uztailaren 29tik abuztuaren 4ra bitarte (2005, 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoentzat) eta seigarrena abuztuaren 4tik 10era luzatuko dute, eta elebiduna izango da (2005, 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoak).
Txanda bakoitzean 30 plaza eskainiko dituzte. Eskaeren artean zozketa bidez aukeratuko dituzte zeintzuk hartuko duten parte. Zozketarako onartutako pertsonen behin-behineko zerrenda maiatzaren 5 eta 6an kontsultatu ahal izango da, lotura honetan.