Lizarra moztu dute Artian
'Udaberria' izena jarri zioten zuhaitza gaur goizean moztu dute Bienabe Artiako aparkalekua egiteko lanen harira. Auzo elkarteak mozketa salatu du.
Artiako Lagunak auzo elkarteak jakinarazi duenez, gaur goizean bota dute, iragarrita zegoen bezala, Bienabe Artiako aparkalekua handitzeko obretan kentzekoak ziren lizarra. Udaberria izena jarri zioten lizar horri, eta, auzo elkartearen arabera, “udalak Udaberria hil du beharrezkoak ez diren auto plazak sortzeko”. Auzo elkartearen iritziz, aparkalekuaren diseinua zaharkitua dago eta bizikletentzako aparkalekurik ere ez du eskaintzen.
Azken asteotan auzo elkarteak hainbat ekintza egin ditu Bienabe Artiako zuhaiztia babesteko: udalarekin bilerak, idazkiak eta eskaerak aurkeztu HAZn, kartelak jarri hiriko zenbait tokitan… Azkenean, auzo elkartearen presioaren eraginez, udalak birplanteatu egin du proiektua. Hasiera batean, hamar zuhaitzetatik sei Gazteluzar pasealekuan birlandatzea lortu zuten. Gerora, berriz, lau lizarretatik hiru mantendu eta bestea botatzea erabaki zuen udalak. Hiru horiek Gazteluzar pasealekuan birlandatuko dira besteekin batera.
Auzo elkarteak ez du aparkalekua handitzeko beharrik ikusten, auzoan aparkatzeko arazorik ez dagoela argudiatuta. Ildo horretan, ehundik gora aparkaleku huts kontatu dituzte Teodoro Murua kaleko aparkalekuan eta Blaiako hilerriaren ondoan.
Horrez gain, proiektu horrek udalak sinatutako konpromisoak eta adierazpen instituzionalak urratzen dituela iritzi dio, hala nola, Hiriko Zuhaitz Eskubidearen Adierazpena, indarrean dagoen Irungo Iraunkortasunaren aldeko II. Ekintza Plana eta Urban Sasoi jarduera fisikoa sustatzeko hiri-kodea, “ez baitu bizikletentzako aparkalekurik eskaintzen”.
Zaisa eremutik gertu dagoela eta, zuhaiztiak kokapen horretan “osasun publikoaren babesteko funtzioa” betetzen zuela uste du auzo elkarteak, eta zuhaitz bat moztea osasun publikoaren aurkako erasotzat jo du. Are gehiago, eremu horretan udalak egin dituen zenbait ekintza “hiri iraunkortasunaren eta ingurumenaren aurkako atentatu” direla esan du. “Zaisako kamioien ozeanoa, Iparragirre kaleko eta Bienabe Artiako aparkalekua edo Arenas Carrilloren eskaileren lanak” jarri ditu adibide gisa. Zentzu horretan, landaketa gehiagorekin konpentsatu beharra dagoela gaineratu du, eta horretan ari dela lanean.