Liburuaren Nazioarteko Eguneko ospakizunekin bat egingo du liburutegiak
Hilaren 23ko ospakizunen harira hiru ekitaldi berezi antolatu ditu Zuloaga Etxeak, tartean, Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena gogoratzeko dinamika.
Hondarribiko Zuloaga Etxea Udal Liburutegiak hilaren 23an mundu osoan ospatuko den Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat egingo du aurten ere. Horretarako bi ildo nagusi finkatu dituztela jakinarazi dute: “Naturarekin elkar harremanduta: zuhaitzetatik hostoak sortzen diren moduan liburuetatik ideiak sortzen direla metafora erabili dugu”, batetik, eta “Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko bere garrantzia azpimarratu nahi izan dugu”, bestetik.
Horrez gain, ondoko hitzorduak finkatu ditu liburutegiak:
- Hilak 21. La biblioteca de los libros rechazados (Remi Bezançon 2019) film luzea emango dute, 19:00etan. Edukiera mugak medio, aldez aurretik izena ematea gomendatu dute antolatzaileek.
- Hilak 23. Egun osoan zehar Martin Ugalderen testuen irakurketa. Horretarako Martin Ugalderen txokoa prestatu dute eta bertan idazleak idatzitako liburuez gain, haren etxean zituenak ere ikus daitezke. Itzulera baten historia liburuaren pasarteak irakurriko dituzte. Antolatzaileek izena ematera animatu dituzte herritarrak, “eta etortzerik ez duenak eskatu ahal digu testua, guk eskaneatuta bidaliko dugu, beraiek grabazioa egin eta gero guk (iaz egin genuen bezala) montajea egingo dugu denok ikusi ahal izateko”.
- Hilak 24. Liburutegia San Pedro kalera eramango dute larunbat goizean, eguraldi ona eginez gero.