[Elkarrizketa] "Urmuga bat-bateko pizgarri bat izan da jendearentzat"
Proiektuaren zuzendari artistikoa da bata, eta telebistako programen buru, bestea. Iazko eskarmentua eta gero, inpresioak partekatu eta aurtengoaz zertzelada batzuk eman dituzte jada.
Urmuga proiektuan parte hartu zenuten iazko udaran. Joan den asteburuan egitasmoaren dokumentala ikusteko aukera egon zen Mendi Tour jaialdiak Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean egindako geldialdian. Zer da Urmuga?
MIGEL ZEBERIO: Sortzailea naiz, eta proiektu hau erokeria izan da. Nire pasioa bizitza da, ondo bizitzea. Niretzat, niri gustatzen zaidan moduan bizitzea eta hori gauza guztien gainetik jartzea da ondo bizitzea. Musikari emanda bizi naiz, nahiz eta azken urteetan musika irakasle bezala ere ari naizen. Nire denboraren zati handi bat proiektu xelebreei ematen diot.
Zentzu horretan, badira 25 urte orkestra bat dudala, zeren bizitza osoa eman baitut neureak ez ziren koruak zuzentzen, baita Hondarribian ere. Orkestrarekin bide bat egiten saiatu naiz, propioa. Orkestra librerik ez dago, normalean instituzioen menpe daude, hori batetik. Eta bestetik, nire orkestran oso proposamen eklektikoa egin dugu, saiatu gara gustuko ditugun gauzak egiten, klasikotik rockera eta pelikuletako musikara. Hori da pasio bat non ihesbide nagusia natura den, mendia. Ildo horretan, 22 urte daramagu solstizioen kontzertuak egiten mendian.
Honekin lotuta, nire txikitako bi idolo izan ziren Felipe Uriarte eta Julio Villar. Orain dela hiruzpalau urte Uriartek iktus bat izan zuen eta lehorrean geratu behar izan zuen lehenengoz. Hortaz, kontaktatu genuen eta etorri zen gure mendiko solstizioaren kontzertura. Bukatuta, komentatu nion proiektu bat nuela eta gustatuko litzaidakeela mendia, musika eta kultura batzea. Ondoren, Uriartek Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere espedizioan zegoela pentsatu zuen nola uztar genezakeen hori, eta handik etorri zen Urmuga ideiarekin: Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen ur muga, urak Kantauri eta Mediterraneo itsasoetara banatzen dituen ur muga oinez egin, eta tartean, musikaz busti.
Ideia hori bota genuen, baita martxan jarri ere, eta COVID-19aren pandemia iritsi zen. Egia da bloketatuta geratu ginela hasieran, baina maiatz bukaeran baietz erabaki genuen eta hilabete batean kristoren saltsa muntatu genuen. Eta Telmo engainatu nuen orduan, ez zuen imajinatzen zer erokeri izan zitekeen superproiektu hau.
TELMO BASTERRETXEA: Bai, bai, egia da. Kristoren erokeria izan zen. Uste dut oso ondo atera zen esperimentu bat izan zela. Errua, hein handi batean, eguraldiak izan zuen, hemeretzi egunez oso eguraldi ona egin zuelako eta pila bat lagundu zuelako.
Baina nola engainatu zintuela?
T.B.: Migelek [Zeberiok] askotan esaten du: ‘Goazen egitera eta ikusiko dugu’. Bere umore horrek, egiteko duen modu horrek, kutsatzen zaitu. Baina gero agian joaten zara, eta han jarrita, orduan, esaten diozu zure buruari: ‘Lehenago pentsatu izan banu zer datorren…’. Azkenean lanean hasten zara eta gauzak aurrera atera behar dituzu, nahitaez.
M.Z.: Bai, niretzat oso normala da hori, bizitza guztia daramat horrela.
T.B.: Egia da beldur pixka bat ematen zuela. Grabatzen hasi ginenean, programa, dokumentala eta dena, bagenuen preprodukzio bat, baina hara iritsi eta logistika adibidez, gauzak nola eraman, lekuetara nola iritsi, euria sartzen bazen zer egin… Etengabeko ziurgabetasuna nolabait, nahiz eta dena ondo atera zen azkenean.
M.Z.: Eta ziurgabetasun ekonomikoa ere hor dago.
T.B.: Aldi berean esango nuke COVID-19 pandemiaren garaian Urmuga izan dela bat-bateko pizgarri bat jendearentzat, ez? Oso-oso indartsua izan da, zerotik jaio dena. Koronabirusagatik ez zegoen ezer ere, ez zen ezer antolatzen, eta azkenean, guk apustua egitea erabaki genuen.
Zenbat menditan eskaini zenituzten emanaldiak?
M.Z.: Hamarrean uste dut, eta mugitu genituen 22 kantari, Oreka TX, Donostiako Orfeoia… 6.000 pertsona inguruk osatu zuten publikoa, eta leku askotan mugatu behar izan genuen pertsonen edukiera. Egunean egunekoa zen. Begira, nik astelehenean eduki nuen bilera Baigorrin [Nafarroa Behera] aurtengo ekitaldirako, baina iaz, ekainaren 11n egin genuen bilera hori eta uztailaren 13an hasi ginen. Kamerak hiru egun lehenago erosi genituen. Filmazio taldekoak ziren gazteenak, esperientzia zuten arren. Baina erokerietan esperientzia handia dut, betidanik. Zineman 16 urterekin hasi nintzen lanean, ez zegoenean produkzio talderik, eta beraz, denetarik egiten genuen. Esperientzia horretatik abiatu eta bizitza osoa alanbre baten gainean eman dut, orduan, horrek bestelako segurtasun bat ematen dizu.
Nola lan egiten da halako mendi parajeetan?
T.B: Askotan lanean ez duzu paisaia hain polita ikusten, zein baldintza dauden aztertzen duzu, nola iritsiko garen… Hori da gakoa. Adibidez, Aizpearron [Nafarroa] jaitsi behar izan zen ekipo guztia zulo batera, eta soinu teknikariak ezin izan zuen orkatila bihurritu zuelako. Hala ere, pasada bat izan zen. Polita da bertan egotea, gu grabatzen kontzertua martxan dagoenean, izugarria da. Tokiari balioa ematea hor egiten duzu, momentuan, baina noski, horretara iritsi beharra dago.
M.Z.: Aurtengoan jendeak badaki nora doan. Pentsa, leku askotara ez genekien nola heldu, herrietako alkateek ere ez zekiten non zeuden toki horiek. Halako egoerak bizi izan genituen. Hala ere, niretzako ikaragarria izan zen leku bakoitzean banuela beti pertsonaren bat edo gehiago lotura gisa, lagunak, eta izugarria izan zen jendearekin harremana. Jende guztia elkarrekin lanean, kristorena izan zen.
T.B.: Azkenean proiektuaren alde egiten zuten denek. Jende guztiak gauzak errazteko egiten zuen lan eta hori oso-oso polita izan zen.
M.Z.: Bai, beste gauza oso inportantea da euskal munduan oso Gipuzkoa zentristak garela. Bizi gara bizkarra emanda ez soilik Iparraldera, baita Bizkaira ere. Gure herri antolamendua gezurretakoa da. Nire helburuetako bat hori ere izan da, bateko eta besteko jendearekin egotea, eta oso adierazgarria da jendeak gogoa eta beharrak dauzkala, eta erakutsi dituela. Momentu honetan ez dago alderdi politikorik ezta erakunderik ere hori lantzen ari denik, orokorrean, eta errespetu guztiarekin. Oso debaluatua dagoen egoera bat da, baina gero esker onekoa da, zoragarria. Jabeta gure teknikaria Kantabriakoa [Espainia] da, eta berak esan dit bere bizitzako lekurik bereziena Baigorrin egin genuen hiru eguneko egonaldia izan dela. Pentsa, bera sikiera ez da euskalduna! Baina mundu hura, atmosfera, jendea… Ikaragarria izan zen.
Logistikarekin izandako arazoak eta paisaia ederrak balantza batean jarrita, zeinek irabazten du: alde onak edo alde txarrak?
T.B.: Alde txarrak [barrez lehertzen]. Ez, broma da. Alde onak irabazten du. Tentsio uneak ere egon ziren, baina momentu onak ere. Gaur egun, perspektibarekin ikusita dena leuntzen da. Proiektua oso polita da, ez dakit nola esan. Arraroa da lehenago egin ez izana. Mendia eta musika. Nolatan ez dira inoiz horrela batu? Bada agian antolakuntza kristorena zelako, eta nork egingo zuen? Zuk [Zeberio] eta Felipek [Uriarte].
M.Z.: Oso zaila izan zen, oso surrealista egia esan. Hamabi hilabete lanean eman ondoren ez dut kobratu ezta gasolina ere. Hori kanpotik baloratzera iristea zaila da. Pentsa, hiru erakunde antolatzaileek musu-truk egin dugu lana. Aurten diru laguntza batzuk lortu ditugu. Aurrekontuaren zati bat estaltzeko aukera dugu horrekin, baina adibidez sarrerak ez ditugu kobratzen, borondatezko ekarpen bat eskatzen diegu ikus-entzuleei.
Zenbaitzuk, hala ere, nolabaiteko konpentsazio ekonomiko bat jaso dute, baina nik indarra jartzen dut adin eta esperientzia aldetik abiapuntu ezberdinekoak garela, eta horrek ez duela konpentsazio ekonomiko bat. Filmazio taldea, adibidez, oso inportantea da komunikaziorako, eta nik transmititu nahi izan dudana da aurrera begiratzeko, perspektiba pixka bat edukitzeko, eta burua hotz mantentzeko Baina hori momentu batzuetan oso gogorra da.
T.B.: Sorkuntzaren munduan orokortua dago lan prekarioa. Urmugak agian bai eskatzen du militantzia puntu bat, eta horrela da, baina zuk [Zeberiok] eta Felipek [Uriartek] transmititzen duzue nolabaiteko familia giro bat. Hori sortzen saiatzen zarete. Eta egia da sentitzen zarela proiektuan parte.
Eta aurtengo Urmuga, zer? Zer edo zer aurrera daiteke?
M.Z.: Uztailaren 13tik 31ra egingo dugu. Iazko ibilbide bera da, baina kontzertuetarako lokalizazio batzuk aldatuko dira, baita kantariak ere. Hortxe ari gara lanean. Uste dut denbora gutxian aterako ditugula aurtengo edizioari buruzko hitz batzuk, baina momentuz baieztatu ditzakegunak dira: Dupla, Olatz Salvador, Nøgen, Juantxo Arakama… Halako zerrendatxo bat dugu dagoeneko.