«Udal gobernuak apustu irmoa egin behar du trenbide espazioaren berroneratze osoaren alde»
EAJk beharrezkotzat jo du udal gobernuak «lidergoa hartzea lehenbailehen» Adif erakundearekin negoziatzen hasteko, topoa Adifen trenbideetara lekualdatzeko planteamendua «egi bihur dadin, gure etorkizuna behar bezala diseinatu ahal izateko».
Irungo EAJ taldeak eskatuta, udal gobernuak iragarri berri du laster jarriko duela abian trenbide eremuaren antolamenduaren azterketa. Jeltzaleek hainbat urte daramatzate eremu osoaren azterketa globala eskatzen, «anbizio handiagoko proiektu bat» nahi dute. Besteak beste, gunean dauden metro karratu guztiak, topoaren integrazioa eta Kateatik Plaiaundirako korridore berdea kontuan eduki beharko lituzkeen proiektu bat eskatu dute maiz.
Via Irun proiektua aurkeztu zenetik jeltzaleek «proiektua osatu gabea» zegoela ikusi dute, eta aspalditik eskatu dute «harago doazen etorkizunerako planak, eta ez alor txikitxo baten eraldaketarekin konformatzen direnak».
«Izan ere, EAJtik Irun eraldatuko duen proiektu batekin amesten dugu. Urteetan alde batera utzi den trenbide gunea berrezarriko duena eta gure hiria zatitzen duen arraila ezabatuko duena. Abangoardiako hirigune bat nahi dugu, guztiok harro senti gaitezen. Ez dugu, eraldaketa aurrekaria gaitzetsiko duen birsorkuntza txiki bat nahi. Ezer gutxirako balio du lehenik eremu txiki bat aurreikusteak, planteamendu oso bat eduki gabe. Eta hori guztia egiteko, udal gobernuak apustu irmoa egin behar du trenbide espazioaren berroneratze osoaren alde», erantsi dute taldeko kideek.
Horregatik, beharrezkotzat jo du taldeak udal gobernuak «lidergoa hartzea lehenbailehen» Adif erakundearekin negoziatzen hasteko, topoa Adifen trenbideetara lekualdatzeko planteamendua «egi bihur dadin, gure etorkizuna behar bezala diseinatu ahal izateko».