Sinadura bilketa egingo du bihar Gure Eskuk Irunen, «erabakitzearen alde urrats berriak emateko»
Iaz abiatutako Hamaika Gara egitasmoari eta erreferendumaren aldeko sinadura bilketari bultzadatxoa eman nahi diote, pandemiagatik egitasmoa erabat mugatua izan baita.
Irungo Gure Eskuk, asteazkeneko hitzaldiaren ostean, sinadura bilketa bati ekingo dio bihar (hilak 17) Irunen. Iaz abiatutako Hamaika Gara egitasmoa eta erreferendumaren aldeko sinadura bilketa horri bultzadatxoa eman nahi diote, «erabakitzearen alde urrats berriak emateko, bizi dugun izurritea dela medio gure egitasmoa erabat mugatua izan baita».
Ondoko lekuetan ariko dira sinadurak biltzen, 11:30etik 14:00etara: Urdanibia plazan, Zabaltza plazan, Arbesen (Palmer Montero parean) eta Anakan (Aiako Harria kalean).
«Bizi ditugun garai zail hauetan osasuna zaintzea eta herritarrok elkarri babestea dira lehentasuna. Baina horrekin batera herri gisa egoera honetatik nola atera nahi dugun erabakitzea eta zein etorkizun eraiki nahi dugun marraztea ere garrantzitsua da. Ez dezagun gure eginbehar hori gehiago atzeratu. Ekin diezaiogun guztiok batera», esan dute Irungo Gure Eskuko kideek.
Egitasmoaren gaineko informazio eta xehetasun gehiago, esteka honetan. Bertan ere sinatzeko aukera dagoela erantsi dute.