«Osasungintza publikoa izan behar dela argi dugu, zergatik ez zaintza?»
Atzoko zaintza jardunaldiari jarraipena emango diote BDS Koop-eko zenbait kooperatibek hilaren 24an. Zaintzaren gaia erdigunean jarri nahi dute, pandemia garaian «beste dimentsio bat» hartu baitu gaiak.
Pandemiak zaintzaren gaia lehen lerroan jarri du. Zer nolako eragina izan duela ikusi duzue?
Nik uste aurretik oso gaizki zegoen egoera bat gehiago okertu duela birusak. Batetik, umeen zaintza. Konfinatu zituzten haurrak gurasoek lan egin behar zuten bitartean, eta hor benetan salduak egon zirenak emakumeak izan ziren, ehuneko oso handi batean. Eta horretaz ez zen hitz egiten. Neurriak hartzen ziren, baina etxeetan zaintzari aurre egiteko ez zegoen bitartekorik. Ikaragarria izan da, eta zer esanik ez erresidentzietan gertatu dena. Lan baldintza oso gogorretan egin duten lan, egoera oso gogorrei egin behar izan diete aurre. Eta etxeetan, normalean irregularki, lanean aritzen diren emakume etorkinek ere kolokan ikusi dute euren lana.
Nola sortu zen jardunaldi hauek antolatzeko ideia?
Konfinamendu bete-betean sortu zen. Han-hemenka zaintza sare ugari sortu zirela ikusi genuen, Euskal Herriko herri gehienetan. Oso kuriosoa eta positiboa iruditu zitzaigun. Ez genekien zein bide egingo zuten, aldi baterako izango ziren edota jarraitzeko sortutakoak ziren. Aspalditik dabil mugimendu feminista zaintza erdigunean jarri behar dela aldarrikatzen, eta zaintza sare horiek inspiratu gintuzten.
Problematika larria da zaintzarena. Nola egin aurre horri?
Zahartzen ari den gizarte bat gara, gero eta zaintza behar gehiago ditugu, eta ez dakigu nola eman irtenbidea horri. Problematika potoloa da zaintzarena, azterketa sakona behar du. Hezkuntza edo osasungintza sistema publikoa izan behar dela argi dugu, baina zergatik ez zaintza? Zergatik daude pribatizatuta adinekoen zentroak? Gai horri heldu behar zaio, eta uste dut publikotik heldu behar zaiola zalantzarik gabe.
Beraz, erakundeei inplikazio gehiago eskatzen diezue, ezta?
Zalantzarik gabe. Zaintza modu trasnbertsalean ulertu behar da, generoarekin gertatzen den bezala. Zaintzak ezin du izan gizarte zerbitzuen arduretako bat. Honen inguruan inplikatzeko eta hausnartzeko eskatzen dugu, eta noski, bitartekoak jartzeko. Zaintza publifikatu behar da eta horretarako inbertsioak egin behar dira. Eta gero, eredu publiko-komunitario bati bidea ireki behar zaio, ongi ikusita zeintzuk diren formula egokienak herritarrak bertan txertatzeko.
Zer gai landuko dituzue bi jardunaldietan?
Atzokoan belaunaldi arteko bi etxebizitza proiektu aurkeztu genituen. Gazteak, helduak eta adinekoak elkarrekin bizi dira eraikin berean, oso interesgarria da. Bizitza honetan beti behar dugu besteen laguntza, bereziki umeek eta adinekoek. Dependentzia hori etengabekoa da, eta pentsatu behar dugu nola zahartu nahi dugun eta nola nahi dugun zainduak izatea.
Hurrengo jardunaldian zenbait udalek abiatutako esperientziak aurkeztuko ditugu. Pandemia garaian sortu ziren zaintza sareak aztertu ditugu. Ikertzen ari gara zein formula izan daitekeen egokiena instituzioak eta herritarrak batera elkarlanean aritzeko.