"Positibotzat" jo du oposizioak atzoko ezohiko osoko-bilkura
"Gardentasun ariketa" izan dela iritzita, asebete agertu dira Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEren udal taldeak.
Hondarribiko Udaleko oposizioa osatzen duten Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEren udal taldeek atzoko ezohiko osoko-bilkura “oso positiboa” izan zela ezagutarazi dute gaurkoan. Elkarrekin plazaratutako prentsa ohar batean adierazi dutenez, “herritarrek eta oposizioko alderdiek eurek eskatutako gardentasun-ariketa” izan dela iritzi diote.
“Oso pozgarritzat” jo dute, halaber, Zaldunbordako merkatalgune erraldoia bertan behera geratu izana. “Bilkura honen ondoren, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria prestatzearekin datorren lanerako elkarrizketa eta adostasun handiagoa egon daitekeela”, erantsi dute.