[Bideoa] Kutxa Bira egitasmoak geldialdia egingo du Hondarribian
(Genero) 'Mugak gaindituz, jalgi hadi plazara' lelopean ekitaldia egingo dute Kasino Zaharrean; Patagonian abiatu zuten bira martxoaren 20an.
Kutxa Bira egitasmoak Hondarribia bisitatuko du hilaren 21ean, asteazkenarekin, Kasino Zaharrean (20:00). Mugak gaindituz jalgi hadi plazara! lelopean, euskarak mugak hausten dituela aldarrikatzeaz gain, Hondarribiko ekitaldiko antolatzaileek beste aldarrikapen bat ere txertatu nahi izan dute Bernat Etxepareren esaldia parafraseatuz: “(Genero) Mugak gaindituz, jalgi hadi plazara!“.
Anonimotasuna gorde nahi izan dute taldekideek, protagonismoa aldarrikapenei eman nahi dietela argudiatuta. Hortaz, Kasino Zaharretik urak zehaztutako muga hori ikusi arren, “euskarak mugak gainditzen dituela” ikusarazi nahi dute.
Hori horrela, ekitaldi “xumea” izango dela onartu dute. Performance txiki bat egingo dute, eta emakumeek parte hartuko dute bertan, “euskararen herria, plaza denei irekitzen dien herria izan behar duelako”. Hain zuzen, genero berdintasunaren aldarrikapena egingo dute parte hartzaileek, ez baitute bateragarritzat jotzen “euskararen aldeko jarrera bat ikustea eta gero, euskaratik begiratzen duten pertsona batzuei plaza ukatzea”.
Abiapuntua: Patagonia
Iparra Hegoa elkarteak Kutxa Bira egitasmoa abiatu zuen martxoaren 20an Viedman (Patagonia, Argentina). Hilaren 9an euskal herriratu zuen kutxa diasporak, eta Baionako Etxepare Lizeoan hasiera eman zioten biraren bigarren atalari.
Euskal Herri osoan zehar, 70 udalerritan harrera egingo diote egitasmoari. Egurrezko kutxa izango da protagonista, eta euskara ardatz hartuta “sortutako sareak eta euskararen komunitatea ikusaraztea” du helburu. Areago, kutxa baten inguruan sortutako harremanek “euskararen lurraldetasunari beste dimentsio bat” eman diotela iritzi diote Hondarribiko deitzaileek. Amets Arzallusek pergamino batean idatzitako poema bat gordetzen du kutxak bere baitan.
Urruña (Lapurdi) eta Segura (Gipuzkoa) izango ditu helmuga Kutxa Birak, maiatzaren 30ean.