[Bideoa] HAPOaren inguruko adierazpen bateratua aho batez onartu dute udal taldeek
Plan orokorra hizpide, ezohiko osoko-bilkura egin zuen atzo Hondarribiko Udalbatzak; baliogabetzearen gaineko zalantzak argitzea zuen helburu bilkurak.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) baliogabetzeak sortutako zalantza eta ondorioak argitzeko ezohiko osoko-bilkura egin zuen atzo Hondarribiko Udalbatzak. Oposizioa osatzen duten EH Bildu, PSE-EE eta Abotsanitz alderdiek erregistratu zuten bilkura eskaria, eta EAJren udal gobernuak erantzun sorta ematea zen helburua. Aho batez onartutako adierazpen bateratuarekin itxi zuten hitzordua: “Hiri Antolamenduko Plan Orokor Berriaren idazketak kontuan har ditzala egoera eta arau berriak, herritarren parte hartzea, gomendio teknikoak eta erabaki politikoak, eta irizpideak eta helburuak ezar ditzala etorkizuneko ikuspegi holistikoarekin. Arau berriak hirigintza-plangintza modernoa, jasangarria, adeitsua eta bidezkoa definitu beharko du”.
Ordu eta erdiz luzatu zen atzoko udalbatzarra, eta lehenik eta behin, galdera sorta egin zuten oposizioko taldeek, eta ondoren, 15 minutuko balorazioa eskaini zuten. Hala, EH Bilduk hartu zuen hitza lehenbizi, Abotsanitzek ondoren, eta PSE-EEk azkenik.
Zerrenda luze batek osatu zuen oposizioaren galdera sorta, besteak beste: etxebizitza sozialak, Mendelu, Alde Zaharra, Zaldunbordako ‘outlet’ erraldoia eta kutsatutako lurren zigilatzea, orain arte onartuko lizentziak, Montañenea, Gabarrariko beilatokia…
Txomin Sagarzazu alkateak emandako xehetasunen arabera, Arau Subsidiarioekin bat datozen proiektuak garatuko dituzte. Hala, adibidez, Presa 1 eta Damarriko babeseko etxebizitzak eraikiko dituztela ziurtatu zuen, eta Zaldunbordako merkatalgunea, bestalde, bertan behera geratuko dela behin betiko.
Interbentzioen garaian, “bazterketa” pairatu izana salatu zuen EH Bilduk; argibideak lortzeko ezohiko osoko-bilkura erregistratu behar izana deitoratu zuen Abotsanitzek; eta “leloak” soberan daudela eta “ideiak” falta direla nabarmendu zuten sozialistek.
Alkateak, bere aldetik, autokritika EAJren gobernu taldeari exijitzen zaiola soilik erantzun zuen, baina horren gainetik, “positibotzat” jo zuen saioa.
HAPOaren gaineko ezohiko osoko-bilkura bertan ikus daiteke: