[Erreportajea] Senegaldik Kanarietara, urak ez daude bare
Senegalen arrantza egiteko debekuaren aurrean, zenbait euskal atunontzi Kanaria uharteetara gerturatu dira, tartean, ‘Aita Fraxku’ hondarribiarra. «Legez kanpoko» arrantza salatu dute kanariarrek.

Aita Fraxku atunontzi hondarribiarraren legez kanpoko arrantza salatu zuen iragan astean El Hierroko (Kanaria uharteak) Erregeen Ama Birjina Kofradiako abade nagusi Fernando Gutierrezek. Komunikabideek oihartzun zabala eman zioten gertaerari, Hondarribiko arrantza ontzia kostaldetik lehen 100 milietan arrantzan ari zela salatu baitzuen kanariarrak. Gaineratu zuenez, Espainiako Gobernuak beita egiteko baimena eman zion arren, atuna arrantzatzen ari zen Hondarribiko itsasontzia. Euskal ontzi gehiago dagoela inguruan ere salatu zuen Gutierrezek.
Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradietako presidentearengana jo du Hitza-k gertatutakoaren gaineko argibide eske. Arduradunak azaldu duenez, Kanarien inguruan dauden barkuek 20 urte daramate Senegalen arrantzan. Hala ere, Europako Batasunak eta Afrikako herrialdearen arteko hitzarmena orain dela urtebete hautsi zen, eta beraz, Senegalgo uretan arrantzatzea debekatua dute.
Arrain bila
Egoera ikusirik Espainiako Arrantza Idazkaritza Nagusiari Kanaria uharteetan arrantza egiteko baimena eskatu zion Aita Fraxku-k, Elduaienek azaldu duenez. «Horrekin eskubide osoz arrantza egin dezakete», gaineratu du. Hala ere, Kanaria uharteek, Madeirak eta Azoreak –azken biak Portugalen menpekoak– espezifikotasun batzuk dituzte Europa barruan, «arau berezi batzuk». Horien arabera, lehen 100 milietan arrantzatzea debekatua dute bertakoak ez diren ontziek.
Ildo horretan, beste ñabardura bat aipatu du Elduaienek: «Barku hau hara joan zenetik mugimendu sozial bat izan du kontra, ez zaielako gustatzen bertakoak ez diren barkuek han arrantzatzea. Konpetentzia da, baina legeen barruan dago. Kontua da inspekzio bat jaso zutela, eta Aita Fraxku-ko patroiak El Hierrotik 104 miliara zegoela uste zuen arren, ikuskaritzaren arabera 98 miliara zegoen». Bada, atunontziaren aurkako akta ireki eta portuan atxiki zutela kontatu du hondarribiarrak. Ez da ohikoa, Elduaienek dioenez, barkuari itsasoratzen ez uztea eta horretarako fiantza bat ordainaraztea. «Kantauri itsasoan behintzat hori da ez ohikoa», erantsi du Gipuzkoako arduradunak.
Prozesuak nola egiten duen aurrera ikusi beharko da. Bitartean, Arrecifeko kaian (Lanzarote, Kanaria uharteak) Hondarribiko beste arrantza ontzi bat zain dagoela jakinarazi du.