Behin-behinean zabalduko dute Bienabe Artia kaleko aparkalekua
Aparkalekua handitzeko lanak iraun bitartean zabalduko dute, asteburutik aurrera. Guztira, 39 plaza izango ditu, ia bikoitza.
Irungo Udalak iragarri berri duenez, Bienabe Artia kaleko aparkalekua behin-behinean zabalduko dute, lanak osotasunean amaitu bitarte. Bienabe Artia kalearen eta Gazteluzahar ibilbidearen arteko bidegurutzeko aparkalekua handitzen ari dira; helburua, aparkatzeko 21 toki zeuden lekuan 39 sortzea da, ia kopurua bikoiztea.
Lanak bi fasetan banatu dituzte, aparkalekua handitzeko lehen faseko lanak egin bitartean bigarren fasean ukituko duten eremua erabili ahal izateko. Orain arte, oinarrizko geruza bakarrik jarri dute, behin-behinean, eta aurrerago azken geruza jarriko dute aparkaleku osoan.
Beraz, asteburuan zabalduko dute lehen fasean ukitutako eremua. «Lanak gorabehera auzotarrek tokiren batzuk erabili ahal izan zitzaten saiatu gara. Lanak bukatzear daude, eta, auzotarrek eskatu zigutenez, aparkatzeko aukera gehiago izango ditugu inguruan. Aldi berean, zuhaitz gehiago izango ditugu», azaldu du Cristina Laborda ordezkariak.
Obrarako 200.000 eurotik gorako inbertsioa egingo du udalak, eta lanak datozen asteetan amaitzea aurreikusi dute.
Artiako Lagunen salaketa
Martxo amaieran salatu zuen Artiako Lagunak taldeak aparkalekuko afera. Haien arabera, udalaren helburua bertan zeuden hamar zuhaitz kentzea izan zen, baina taldearen presioari esker sei lizar birlandatzea onartu zituen udalak. Halere, lau lizar «heldu eta osasuntsu» kenduko dituztela salatu zuten orduan.
Bada, gaur bertan udalak azaldu bezala, sei zuhaitz birlandatu dituzte, eta perimetroaren beste muturreko lau zuhaitzetatik hiru zutik utziko dituzte. Bestalde, Artia inguruan 42 ale berri landatu dituztela erantsi dute, aurten hiri osoan ehundik gora ale landatzeko kanpaina baten barruan.