Udalak pandemia nola kudeatu duen baloratu dute herritarrek
732 lagunek erantzun dute inkesta. 10 irundarretik 6k «nahiko positiboki edo oso positiboki» baloratu dute udalak pandemiaren krisiari emandako erantzuna.
Irungo Udalak pandemia nola kudeatu duen baloratu dute jada herritarrek. Telefono bidezko inkesta egin diete irundarrei, zehazki, 732 laguni (otsailaren 15etik martxoaren 3ra bitarte).
Inkestatik ateratako datuak hiru multzotan banatu dituzte: eragina eta pandemia garaiko balorazio pertsonala, gizarte zerbitzuen egokitzapenaren iritziak eta ohiz kanpoko egitasmoen gaineko balorazioa. Bestalde, pandemiaren gaineko kudeaketaren balorazio orokor bat ere jaso du udalak.
Datuei erreparatuta, 10 lagunetik 6k «nahiko positiboki edo oso positiboki» baloratu dute udalak pandemiaren krisiari emandako erantzuna. Zehazki, elkarrizketatuen %46,7k «nahiko positiboa» izan dela erantzun dute; %12,8k «oso positiboki»; %25,1ek «ez positiboa ezta ere negatiboa»; %3,4k «nahiko negatiboa»; %2,6k «oso negatiboa» eta azkenik, %1,8k ez du erantzun nahi izan.
Lehenengo atalari dagokionez (eragina eta balorazio pertsonala), %12,2k euren osasuna edo gertuko norbaiten osasunean eragina izan du pandemiak. Beste %15,6k dio gertuko senide bati eragin diola koronabirusak, eta gehienak (%72,2k) ez du eraginik sumatu. Egoera ekonomiko eta sozialaren gaineko galderan, ehuneko handi batek (%77,7) erantzun du «nahiko edo oso kezkatuta dagoela» COVID-19arekin. Atal honetan, kezka gehien azaldu dutenak 46-65 urte bitarteko irundarrak izan dira.
Pandemiari aurre egiteko neurriei dagokionez, udaletik diote erantzunak askotarikoak izan direla, baina ia erdiak (%43) aitortu du «nahiko edo asko» betetzen dituztela erakundeek ezarritako osasun neurriak.
Bigarrenik, gizarte zerbitzuen egokitzapenean, udalak ondorioztatu du herritarrek balorazio «ona eta oso ona» egin dutela. Balorazio onena jaso duten zerbitzuak Babes Zibileko boluntarioen lana, L1 autobus linearen indartzea edota HAZ edo 010 telefono zenbakian udalak egindako apustua izan dira.
Udalak abiatutako ohiz kanpoko egitasmoen artean, onespen gehien jaso duten proiektuak Letxunborro, Juan Thalamas Labandibar, Meaka eta Kolon pasealekuko errepideen mozketa (%79eko onespena jaso du), ostalaritzari terrazak handitzeko emandako laguntzak (%65ek begi onez ikusi dituzte) eta bertan erosteko bonuak izan dira (inkestatuen %64,1ak positiboki baloratu ditu).
Udaleko iturriek nabarmendu dutenez, balorazio positiboa (5 puntutik 4) jaso dute gizarte izaerako egitasmoek. Neurrien artean, udalak dendetan eta ostalaritzan erabiltzeko bonuak izan dira baloratuenak (inkestatuen %6,4k eskatu dute orain arte udalaren laguntzaren bat).
Amaitzeko, gaineratu dute herritarrengandik jasotako proposamenak lantzen dabilela udala.